Txirrindularitza

Triskantza Giroan

Davide Formolok (Cannondale) irabazi du Giroko laugarren etapa, eta Simon Clarke (Orica) jarri da lider. Bederatzi minutuko aldearekin ihesean ibili da Roman Kreuziger (Tinkoff), eta tropela erabat txikitu du gero Astanak. Faboritoekiko 40 segundo galdu ditu Rigoberto Uranek (Etixx).

Tropela, laugarren etaparen hasieran, Chiavarin. DANIEL DAL ZENNARO, EFE
unai zubeldia
2015eko maiatzaren 12a
17:16
Entzun

Berezitik asko dauka Italiako Giroak, eta laugarren etapak argi utzi du hori. 30 txirrindulariko ihesaldia sortu da etapa hastearekin batera, eta tartean sartu da Roman Kreuziger (Tinkoff), oso txirrindulari arriskutsua. Egoera horrek zalantza asko sortu du tropelean, eta Tinkoff bera hasi da lanean une batean, Kreuziger aurrean izanda ere. Etixxi lekukoa hartuta, ordea, Astanak eragin du triskantza tropelean, aurrekoen aldea bederatzi minututik gora eginda zegoenean. Ohartzerako, hiru minutura jaitsi da aldea, eta etapa garaipena bera arriskuan jarri du Fabio Aruren taldeak.

Biassa bigarren mailako mendatera bidean erasoa jo du aurrean Davide Formolok (Cannondale), eta helmugaraino eraman du ahalegina, garaipen handia lortuta. Atzean, berriz, hainbesteko egurrarekin, ezinean geratu dira, besteren artean, Michael Matthews liderra (Orica), Ryder Hesjedal (Cannondale), Ilnur Zakarin (Katuxa), Beñat Intxausti (Movistar), Carlos Alberto Betancur (Ag2r)... Talde nagusia hemeretzi txirrindularira mugatu du Astanak, eta Aru bera mugitu da Biassan gora. Berehala erantzun dute Alberto Contadorrek (Tinkoff) eta Richie Portek (Sky), baina atzean geratu da Rigoberto Uran (Etixx). Kolonbiarrak gainerako faboritoekiko 40 segundo galdu ditu helmugan. Tropel nagusiko esprinta irabazita, Simon Clarke (Orica) jarri da lider —aurretik inor ez zihoalakoan, helmugan bi besoak altxatu ditu Clarkek ere—.

Gaurko ikuskizunaren ondoren, bosgarren etapa jokatuko da bihar, La Spezian hasi eta Abetonen amaituko dena (152 km), ibilbideari dagokionez orain arteko serioena. Abetone bigarren mailako mendatean amaituko da etapa. 17,3 kilometroko igoera da, eta %5,4ko batez besteko aldapa dauka, %10eko zati batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.