Xala-Pascual 6. Irujo-Merino II.a 22

Tristurak ahazteko

Irujok eta Merino II.ak binakako San Fermin torneoa irabazi dute, finalean erabat nagusitu ondoren

Irujo eta Merino II.a herenegun, San Fermin torneoko trofeoekin. J. M. / A. PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Sanferminak ezin hobeak dira tristurak ahazteko. Ez dago jai egokiagorik burua argitu eta egunerokoan etena egiteko. Oroitzapen txarrak uxatu eta gozamenean murgiltzeko. Juan Martinez de Irujok badaki hori, eta aurten beste behin dastatu du efektu baltsamikoa. Urteko lehen hilabeteak ez dira onak izan Iberokoarentzat, eta azken atsekabea sanferminen hasieran hartu zuen, lau t'erdiko finalean. Herenegun, halere, penak ahazteko gaua izan zuen, Merino II.arekin batera, eta bide batez aurrenekoz irabazi zuten binakako sanfermin torneoa.

Binakako txapelketa batera jokatu zuten, eta finaletik kanpo gelditu ziren. Hortaz oroitu zen Irujo torneoko finalean hamabost tanto egin eta erakustaldia eman ondoren. «Davidek binakako txapelketa bikaina egin zuen, eta nire arazoek urrun iristea eragotzi zioten. Sanferminetan poz txikia eman diot behintzat». Poz handia hartu zuten biek, eta finala, gainera, gozamena izan zen.

Gozamena, baina, txapeldunentzat izan zen bakarrik, ez baitzen egon orekarik. Merino atzean nagusi izan zen, eta bizkarra erakutsi zion Pascuali. Errioxarrak hiru huts egin zituen, baina hirurak launako berdinketaren aurretik. Hortik aurrera lan ezin txukunagoa egin zuen, eta Irujok haizea alde zuela joka zezan ahalbidetu zuen. Hilabeteak ziren Iberokoak ez zuela atzo adina gozatu partida batean. «Dena ongi irten zait», laburbildu zuen bukaeran, bada hori, kolore guztietako hamabost tanto egin zituen eta ezerezean utzi zuen Xalaren ekina. Halere, finalak izan zuen alde iluna, Irujok, irabazi arren, berriz ere kritikatu zituelako pilotak.

Herenegungoa sanferminetako azken jaialdia izan zen, eta torneoa Aspek irabazi arren, enpresen arteko partida guztiak kontuan hartuta Asegarce izan zen nagusi: hogeita bat jokatu dira, eta Bilboko enpresak hamalau irabazi ditu, bi herenak.

Karmen eguneko jaialdia

Karmen eguneko zesta-punta jaialdi handia jokatuko da gaur Markinako Uni-an (18:00), eta partida nagusian Erkiagak eta Lopezek Goikoetxea eta Hernandezekin neurtuko dituzte indarrak. Galarretan ere jaialdia egongo da (16:00), eta Olazarrek eta Urtasunek buruz burukoaren atariko faseko partida jokatuko dute.

Iraupena. 45 minutu.

Pilotakadak. 439.

Saketik. Xalak alerik ez; Irujok 1.

Markagailua. 1-0, 1-1, 1-4, 4-4, 4-8, 5-8, 5-19, 6-19 eta 6-22.

Bestelakoak. Ikusle asko Iruñeko Labrit pilotalekuan, harmailak goraino bete ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.