Juri Trofimov errusiarrak irabazi du gaur, 4.12:45 denborarekin, Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa: Ataun-Villatuerta. Hainbat kilometrotan ihesean joan ostean lortu du garaipena. Rein Taaramae estoniarrak Trofimov harrapatzeko saiakera ugari egin du baina azkenean bigarren izan da, bost segundora. Ben Swift britainiarra hirugarrena izan da.
Lezaungo igoeran gertatu da Trofimov eta Taaramaeren ihesaldia. Horiek igoera horretan hiru minutuko aldea atera diote tropelari.
Sailkapen orokorrean atzoko etapako irabazleak, Luis Leon Sanchez Caisse d'Epargneko txirrindulariak, lidergoan jarraitzen du. Bigarrena Alexandr Kolobnev da eta hirugarrena Jerome Pineau Quick Step taldekoa.
Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa 160 kilometrokoa izan da. Hirugarren mailako lau mendate igo dituzte, bigarren mailako bat eta lehen mailako bat (Lizarraga, 26. kilometroan).
Biharko etapa Villatuerta-Eibar izango da (172,5 kilometro; Arrateko gainean bukatuko da), ostegunekoa Eibar-Gueñes (161), ostiralekoa Gueñes-Zalla (169), larunbatekoa eta azkena Zalla-Zalla (24 kilometroko erlojupekoa).
Euskal Herriko Itzulia
Trofimovek irabazi du bigarren etapa
Rein Taaramae bigarren izan da eta Ben Swift hirugarren. Luis Leon Sanchezek sailkapen orokorrean lidergoan jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu