Tropeleko 'aitonak' agur esan du

Iñigo Cuestak, hemezortzi urtez profesionaletan aritu ondoren, 42 urterekin, utzi egin du goi mailako txirrindularitza. Herenegun eman zituen azken pedalkadak, etxetik gertu, Burgosko Itzulian.

2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Agur esan dio goi mailako txirrindularitzari Iñigo Cuestak. Hemezortzi urtez profesionaletan aritu ondoren, ilusiorik gabe dago, eta ez jarraitzea erabaki du 42 urteko beteranoak. Tropeleko kide zaharrenak Caja Ruralekin amaitu du profesio-naletako zortzi taldetan egin-dako ibilbidea. Herenegun aritu zen bizikletaren gainean azkenekoz, Burgosko Itzulian (Espainia).

1994an ekin zion profesionaletako bideari, 25 urte zituela. Aurretik afizionatu mailako hainbat taldetan aritu zen, eta Euskadi fundazioak eman zion profesionaletan aritzeko aukera. Garai hartan, bere idoloak zirenekin batera aritu zen tropelean: Pedro Delgado, Miguel Indurain, Greg Lemond, Gianni Bugno eta Alex Zulle, besteak beste.

Hainbeste denbora profesionaletan arituta bi txirrindularitza mota ezagutu dituela nabarmendu du: lehena, hasi zenekoa, eta bestea, egungoa. «Garai hartakoa beste txirrindularitza bat zen; bakarka lehia handiagoa zegoen. Baina orain talde lanak garrantzi handiagoa hartu du. Egun, egutegia asko handitu da, lasterketa gehiago daude, mendi gehiago, lehiatzeko forma aldatu da. Egun, bakoitza bere beharren arabera prestatzen da; lehen, aldiz, denboraldi osoa kolpetik prestatzen zen».

2010. urteko denboraldi amaieran, erretiratu egin zen ia, ez baitzuen talderik aurkitzen. Azkenean, baina, Caja Rural, talde gazteak eman zion jarraitzeko aukera, eta bere nahia betetzeko, Espainiako Vueltan agur esatea txirrindularitzari. Cuestak hamasei aldiz hartu du parte Vueltan, eta Caja Ruralek amu egokia ikusi zuen beteranoarengan itzuli handirako txartela lortzeko.

Argi dauka Cuestak hainbeste urte irauteko arrazoia zein den: «Txikitan jolas bat balitz bezala ikusten nuen, eta ilusio handia nuen. Urteak aurrera joan ahala, ilusio hori mantentzen joan naiz; hori izan da gakoa». Atzera begiratuta, Cuestak ez zuen espero horrenbeste denbora goi mailan ariko zenik. «Ez nuen espero honaino iritsiko nintzenik, profesionaletako kirola oso gogorra baita, eta sakrifizio asko eskatzen ditu».

Gogoz kontra, baina erretiroa aurreratu beharrean ikusi du bere burua Burgosko txirrindulariak. «Espainiako itzulian amaitu nahi nuen ibilbidea, baina taldea gonbidatu ez dutenez, Burgosko Itzuliaren ondoren erretiratu naiz». Erretiroa hartzera zihoanez, Burgosko Itzuliak omenaldi bat egin zion etxeko txirrindulariari joan den astean. Etorkizunari begira, ez daki oraindik zer egingo duen, baina txirrindularitzarekin jarraitu nahi du: «14 urterekin hasi nintzen txirrindularitzan, eta hemezortzi urte daramatzat profesionaletan. Honetara ohitua nago, eta jarraitzea gustatuko litzaidake». Aitonak badauka zer irakatsia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.