Trumoiaren ostean, Rayo

San Mamesen, igo berri baten kontra eta ezohiko ordutegian ekingo dio Athleticek denboraldiari

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Zalaparta handia egon da Espainiako Ligan azken asteotan. Jokalariek nahikoa zela esan zuten. Protesta egin zuten. Greba. Hartutako konpromisoak betetzeko eskatu zieten klubei. Eta badirudi lortu dutela eurek gura zutena. Beraz, ekaitza pasatu da. Oraingoz. Ikusiko da zenbat denbora irauten duen eguzkiak Ligan. Kontua da inori ez zitzaiola komeni geldialdia asko luzatzea. Eta, azkenean, abian da askoren ustez txapelketarik indartsuena dena. Hala bada, ez du asko esaten gainerako lehiaketen gainean.

Berrikuntza askorekin hasi da 2011-12ko sasoia. Ordutegiena da bat. Athleticek 16:00etan jokatuko du gaur. Asiako merkatuan pentsatuz gero, ordu aproposa izan daiteke; baina ez dirudi horren egokia denik San Mamesera norgehiagoka ikustera joatea gura dutenentzat. Bazkalorduan harrapatuko ditu bete-betean. Hori gutxi balitz bezala, Bilbo Aste Nagusian murgilduta dago. Hortaz, ikusi egin beharko da zein gogorekin dauden Marijaia eta enparauak futbolera joateko.

Nobedadea da, era berean, Rayo Vallecano San Mamesen ikustea. Espainiako hiriburuko taldea ez da ezezaguna Lehen Mailan aritzen diren taldeentzat. Baina azken denboraldiotan Bigarren Mailan aritu da. Aurreko sasoian barne arazo asko izan arren, sasoi bikaina eginda lortu zuen onenen artean lehiatzeko aukera. Egun, azken denboraldiotako arazo ekonomikoak ditu oraindik ere. Baina, futbolariak berdegunera zelairatzen diren mementoan alde batera utziko dituzte kontu horiek.

Berez, talde apala da Rayo. Logikak dio lanak izango dituela mailari eusteko. Baina inork ez dezala ahatz bolada onean dagoen taldea dela. Joan zen denboraldian ohitu egin zen emaitza onak eskuratzera, eta jakinekoa da konfiantzaz dauden taldeak arriskutsuak izaten direla oso. Ez da neurketa erraza izango.

Hutsak zuzendu nahian

Athletici dagokionez, jakinekoak dira dagoeneko denboraldiari aurre egiteko dituen nobedadeak. Hain zuzen ere, berritasunak direlako behar izaten dute denbora. Ez dirudi Marcelo Bielsak kexatzeko arrazoirik duenik. Teorian, Rayoren kontrakoa sasoiko laugarren partida izan beharko luke, baina bigarrena baino ez da izango. Grebak eta Europako Ligan gertatutakoak denbora eta lasaitasuna eman diote Athletici. Gaurkoa benetako balioa duen lehen norgehiagoka izango da zuri-gorrientzat. Eta ikusi egin beharko da nola erantzuten duen. Hasiera batean, Trabzonsporren kontra jokatutakoaren antz handia izango du. Hau da, Rayo atzean sartu eta kontraerasoa baliatzen ahaleginduko da. Turkiarren kontrako partidatik aste eta erdi pasatu da. Denbora nahikoa izan dute orduan txarto egindakoak zuzentzeko. Hori bai, eraginkortasuna landu daiteke baina jokalariek duten berezkoak eta zorteak ere izaten du eragina. Ea gaur finago aritzen diren.

Bielsak zelairatuko duen hamaikakori dagokionez, ezin da aparteko berritasunik espero. Abuztuan nekea ezin daiteke aitzakia izan. Justu kontrakoa gertatzen zaio Bielsari. Partidak behar ditu berak gura duena lortzeko. Beraz, zalantza bakarra atzealdeko eskuin hegalean egon daiteke. Iraola osatu da, baina entrenatzaileak ez du inor behartu gura. Turkian Gurpegi zelairatzeko asmoa zuen. Ikusteko dago gaur zer erabakiko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.