Jenson Buttonek urteko seigarren garaipena lortu zuen atzo Turkiako Sari Nagusian. Denboraldiko zazpigarren lasterketa bigarren postutik hasi du, eta hala egon da lehen bihurgunean ere, baina Sebastian Vettelek gidaketa huts bat egin du bigarren itzulian, eta Buttonek ez du aurreratzeko aukera galdu. Hortik aurrera, ingelesa garaipenera bidean joan da zuzen-zuzen.
Irteeran Rubens Barrichello ia geldirik atera da, eta postu asko galdu ditu. Gero saiatu da postuak berreskuratzen, baina ukituak izan ditu Heikki Kovalainen eta Adrian Sutilekin. Azkenerako aleroia hautsi, eta abiadurak galduz joan da, erretiroa hartuz. Bigarrena da sailkapen nagusian, baina gaur beste porrota izan du Buttonen aldean.
Bigarren itzuliko hutsaren ondoren, Vettel saiatu da galdutakoa berreskuratzen, horretarako taldeak estrategia aldatuz. Bi geldialditik hirura pasatu dira, eta bigarren tandan Buttoni itsatsi bazaio ere, ezin izan du hura gainditu eta haren atzean galdutako denbora erabakigarria izan da gerora. Izan ere, boxetatik igaro eta berriz pistara itzultzean Webber taldekidearen atzean topatu du bere burua.
Azken tandan biak hala biak pega-pega izan badira ere, Webberrek bere bigarren postua mantendu du. Edonola ere, Red Bullentzat asteburu txukuna izan da, bi autoak sartu baititu podiumean, eta Brawnek baino puntu gehiago pilatu ditu.
Haien atzetik, Jarno Trulli izan da laugarren, Nico Rosbergekin lasterketa osoan lehiatu ondoren. Trullik postu hori galdu du lehen geldialdien ondoren, baina azkenekoetan berreskuratu du, bere errepostaia Rosbergek baino itzuli batzuk beranduago gauzatuz. Rosbergek bosgarren egin du hortaz, erregulartasuna erakutsi duen lasterketa batean.
Felipe Massak zazpigarren postua hartu du, eta Ferrari autoak oraindik zirkuito batzutan zer hobetu baduela ikusi du. Arazo handirik gabeko lasterketan, Massak ez du nahikoa abiadura izan, eta Turkiako bere garaipen sorta amaitu da. Bere atzetik Kubicak amaitu du, azkenean urteko lehen puntuak lortuz. Iaz horren ondo ibili zen poloniarra gaur estrenatu da hortaz, puntuetan, gezurra badirudi ere. Azken puntua Timo Glockek lortu du, atzetik aurrera egindako lasterketan.
Gaurko lasterketan aipatzeko bi datu. Brawn auto baten lehen erretiratzea izan da zazpi lasterketetan, orain arte biek amaitu baitzituzten lasterketa guzti guztiak. Eta bestetik, lehen aldia da Turkiako Sari Nagusia pole-a egin ez duen norbaitek irabazi duena.
Turkiako Sari Nagusia
1. Jenson Button (Brawn GP) 1.26.24.848
2. Mark Webber (Red Bull) 6.714ra.
3. Sebastian Vettel (Red Bull) 7.461ra.
4. Jarno Trulli (Toyota) 27.843ra.
5. Nico Rosberg (Williams) 31.539ra.
Sailkapen nagusia
1. Jenson Button (Brawn GP) 61 puntu.
2. Rubens Barrichello (Brawn GP) 35.
3. Sebastian Vettel (Red Bull) 29.
4. Mark Webber (Red Bull) 27,5.
5. Jarno Trulli (Toyota) 19,5.
6. Timo Glock (Toyota) 13.
7. Nico Rosberg (Williams) 11,5.
8. Fernando Alonso (Renault) 11.
9. Felipe Massa (Ferrari) 11.
10. Kimi Raikkonen (Ferrari) 9.
1 Formula
Turkian ere ezin izan dute Button gelditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu