Arrauna. June Galardi. Hibaikako arraunlaria

«Txanda irabaztea dugu buruan»

Hibaika bigarren txandan egonkortu da denboraldi hasiera honetan, Hondarribia eta Caboren artean. Hala ere, gehiago nahi dute, eta goiko taldeekiko aldea txikitzera joango dira.

BERRIA.
pettan uralde
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Euskotren ligan ari da Hibaikako Maddalen trainerua, aurreko denboraldian ETE ligatik igoera lortu ostean. Lehiari dagokionez, tamaina desberdineko erronka dauka aurrean Errenteriako taldeak, baina «ilusioz» ekin diote denboraldiari, eta ez zaie «borrokan» aritzeko arrazoirik falta. June Galardi (Oiartzun, Gipuzkoa, 2001) arraunlariak lehen hiru asteetan bizitakoaren inguruko balorazioa egin du, eta adierazi du gaurko estropadari begira «lan polita» egin dezaketela. Bilbon arituko dira gaur (ETB1 17:50) Euskotren eta Eusko Label ligako traineruak, eta denboraldi osoan egingo den erlojupeko estropada bakarra jokatuko dute.

Nola hasi duzue aurtengo denboraldia?

Euskotren ligan debuta egiteko gogoz ginen; ilusio handia genuen. Baina Galiziako asteburuak zapore gazi-gozoa utzi zigun. Nahiz eta igandean lehiatu, ez ginen ondo sentitu. Itsaso txarra zegoen, eta ilusio hori pixka bat zapuztu egin zen, ez baitzen espero bezala joan. Hala ere, azken asteburuan askoz hobeto sentitu gara. Donostian, pozik amaitu genuen egindako lanarekin, eta, igandean, asteburua biribildu genuen. Segundoren aldea asko murriztu genuen Hondarribiarekin, eta laugarren geratu zen Donostiarrarekin. Azkenean, seigarren postuan amaitu genuen, baina biekin dugun aldea bi segundorena besterik ez zen izan, eta horrekin oso pozik gaude. Taldea motibatuta dago, eta lanerako gogoarekin. Segundo gutxi horiek oraindik gehiago murriztu nahi ditugu, eta ea behintzat txanda irabazteko aukera sortzen zaigun.

Jauzi handia izan da ETE ligatik Euskotrenera pasatzea?

Guretzat berria den zerbait da, eta esperientzia handiagoa duten taldeen aurka lehiatzen gara. Hondarribia, adibidez, aurten igo da, baina aurretik Euskotrenen aritutakoa da. Gure taldea nahiko gaztea da, eta egokitzen ari gara erronka berri honetara. Hala ere, ez dugu gauza negatibotzat jotzen. Hiru estropada bakarrik izan diren arren, bakoitzean zerbait ikasi dugu, eta liga hau nolakoa den ezagutzen ari gara pixkanaka. Oraingoz, gure esku dagoena ongi ari gara egiten.

Oraingoz, Galiziako taldeen aurretik, eta Hondarribiaren atzetik. Hori da zuen tokia?

Batez ere Tiran geratu da atzean, baina Cabo gertu izaten dugu. Galizian gure aurretik geratu zen, eta Donostian hortxe izan genuen presioa sartzen. Estropada batzuetan hor egongo da, zalantzarik gabe. Orain arteko estropada hauetan Hondarribia koska bat gorago dagoela ikusi dugu, baina guk gure lanean sinesten dugu, eta txanda irabaztea posible ikusten dut. Zierbenan erakutsi genuen hasieratik bukaerara borrokatu ginela. Txanda irabaztea dugu buruan,eta horren bila joango gara.

Larunbatean Bilboko itsasadarrean arituko zarete. Nola moldatzen zarete eremu horretan?

Niri neuri, behintzat, errekan diren estropadak edo ur bareetan diren estropada horiek gustatzen zaizkit. Egia da askoz ere fisikoagoak direla, baina orokorrean taldeari horrelako estropadak gustatzen zaizkio, eta normalean beti ondo moldatu izan ohi gara. Hala ere, Euskotren ligan beste maila bat antzematen da, eta ez da erraza izango aurreko urteetako maila bera errepikatzea.

Errekan izanda, tarte gutxiago egongo da traineruen artean?

Normalean, itsasoan beti tartea handiagoa izaten da, baina ibaiko estropadetan segundo horiek askoz gehiago murrizten dira. Posible da tarte handiagoa ikustea talde batzuetatik bestera, baina orokorrean segundoak murriztu egingo dira. Bilbon, seguruenik olatuak ez egon arren, itsaslasterrek eragina izango dute. Kanpo faktore horiek alde batera utzita, uste dut posible izango dugula estropada polita egitea.

Zein izango da estropada txukun bat egiteko gakoa?

Horrelako estropada batean gakoa beti berdina da. Labana hortz tartean jarri, eta dena ematea. Teknika mantenduz, baina uste dut horrelako estropadetan burugogorrenak eta azken arraunkadara arte dena ematen duenak irabazten duela. Burua izan daiteke horrelako estropadetan irabaztera edo galtzera eraman zaitzakeena, eta nekatuta sentitzen zarenean gogor egitea besterik ez dago.

Hasi besterik egin den arren, nola ikusten duzu liga berria?

Liga zabaltzea positiboa izan da. Orain arte eskas geratzen zen Euskotren liga, eta zortzi trainerurekin lehia handiagoa dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.