Iragan asteburuan bezalaxe, Madrilgo talde baten kontra jokatu beharko du Osasunak gaur; Getaferen aurka, hain zuzen. Eta iragan asteko taldearekin gertatu zitzaion gisara, Getaferen kontra ere hiru aldiz jokatu beharko du oso denbora gutxian. Gaur, Ligako partida jokatuko dute -bigarren itzuliko lehena-; eta, gero, Kopako bi partida jokatuko dituzte.
Osasunako entrenatzaileak, Jose Angel Zigandak, txandakatzeak eginen ditu, berriz. Baina, oraingoan, halabeharrez. Izan ere, Atletico Madrilen aurkako partidan lau jokalari kanporatu zituen epaileak: Ricardo Lopez atezaina, Carlos Cuellar atzelaria, Raul Garcia erdilaria eta Roberto Soldado aurrelaria. Lau horiek zigortuta daude, eta ezin izanen dute jokatu Getaferen aurka. Gainera, Zigandak bi jokalari ditu min hartuta: Delporte eta Valdo.
Horiek horrela, plantillako gainerako jokalariekin joan da Osasuna Getafera. Ohi denez, Zigandak ez du hamaikakoa erabat baieztatu, baina pasa den urte bukaerako bolada lotu zuten jokalariak zelairatzen saiatuko da. Hau da: Javier Flaño, Krutxaga, Josetxo eta Monreal edo Corrales; Juanfran, Puñal, Nekunam eta David Lopez; eta Milosevic eta Romeo edo Webo. Berrikuntza bakarra atean egonen da, Juantxo Elia zelairatuko baitu Zigandak. Eliak lau partida bertzerik ez du jokatu denboraldi honetan, Kopako bi eta UEFAko bertze bi.
Iruñerrian egunotan izan den elurra dela eta -atzo berean, bertan behera gelditu zen Osasuna Bk eta Valentzia Bk Taxoaren jokatu behar zuten partida-, Azkoienen entrenatu behar izan dute gorritxoek. Baina Zigandak erran du behar bezala prestatu dutela gaurko partida. «Ziur naiz irabazteko aukerak izanen ditugula. Haiekiko errespetua galdu gabe, jakin bai baitakigu oso sasoi onean daudela, konfiantza handiz; baina gu ere bagaude, eta partida gogorra izanen da bi taldeendako».
GETAFEN ERE ALDAKETAK. Bernd Schuster Getafeko entrenatzaileak ere txandakatzeak eginen ditu bere taldearen hamaikakoan. Hala, Schusterrek iragarri duenez, ez du hamaikako bera zelairatuko gaur eta heldu den asteazkeneko partidan. «Bi partidetarako osatu ditugun bi taldeek erakutsi dute maila ona dutela. Gaurko taldearekin saiatuko gara partida irabazten, eta bertzeek emaitza ona lortu beharko dute asteazkenean».
Une honetan, elkarren ondoan daude Osasuna eta Getafe Espainiako Ligako sailkapenean. Getafe zortzigarren dago, 29 punturekin; eta Osasuna bederatzigarren dago, 26rekin. Eta biak ala biak nahiko gertu daude UEFAko postuetatik. Sari hori lortzeko asmoetan, nahikotxo zailduko lizkioke gauzak Osasunari Getaferen aurka galtzeak.
Gogoratzekoa da Getafek 0-2 irabazi ziola Osasunari, Iruñean, lehen itzuliko partidan. Gorritxoek arantza hori kendu nahi dute, eta Madrildik hiru puntuak ekarri. Lehen itzuliaren hasierako Osasuna eta oraingoa ez dira berdinak, eta hori dute alde gorritxoek. Baina aipatzekoa da Osasunak sekula ez diela irabazi Bernd Schusterrek entrenatu dituen taldeei; ez Levanteri, ez eta Getaferi ere.
Getafeko entrenatzaileak erran du Osasunak «jokatzeko modu korapilatsua» duela. Baina berari ez zaio falta gorritxoei aurre egiteko armarik. Konparazio batera, Manu del Moral eta Daniel Guiza haren bi aurrelariak hagitz sasoi onean daude.
Txandakatzeak hiru partidetako lehenean
Zigorrak eta lesioak direla eta, beste hamaikako bat zelairatuko du Osasunak gaur, Getaferen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu