Txantreako 'argentinarra'

Goi mailako futbolean hasiberria izan arren, Iker Muniainek beteranoen patxadarekin jokatzen duela dio Kike Liñerok, Athletic B-n haren entrenatzaile izandakoak

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Iker Muniainek aste bi barru beteko ditu 18 urte. Beraz, laster joan ahal izango da Lezamara hark gidatutako autoan. Bere adineko gehiengoak ez bezala, ez du arazorik izango gustuko duen autoa erosteko. Beharbada etxean izango du dagoeneko. Auto azkarra eta ona izango da, ziur, haren kirol ibilbideak orain arte izan dituen ezaugarri bertsuak. Hala ere, autoa estreinatu aurretik bestelako lanak izango ditu. Besteak beste, Realaren kontrako derbia lehen aldiz jokatzeko aukera izango du, bihar. Lasai, gainera. Ez du Osasunaren kontra izan zuen presiorik izango. Hitz egiten ez duen futbolariaren abantaila da. Izan ere, talde gorritxoaz egin zituen adierazpenek zeresana eman dute. Batzuentzat ez zen zuzen jardun. Beste askorentzat, ordea, haren adierazpenak ez ziren inor mintzeko modukoak izan. Zelaian erakusten duen freskotasun berarekin esan zuen Osasunaren inguruan pentsatzen zuena. «Gaur egun ezin da pentsatzen dena esan. Bada nik gustuko ditut gauzak argi esaten dituztenak. Iker ez da mutil maltzurra, baina gauzak argi eta garbi esaten ditu», adierazi dio BERRIAri Kike Liñerok.

Athletic B-ko entrenatzaile izandakoak oso ondo ezagutzen du Txantreako harribitxia. Berak eman zion talde zuri-gorriaren bigarren taldean debuta egiteko aukera. Baina aurrez ere gertutik jarraitu zituen jokalariaren pauso guztiak, Lezaman lanean ari zenean harreman estua izan baitzuen Txantreako arduradunekin. Euretako bat Muniainen osaba zen. Oraindik gogoan dauka Athleticeko harribitxia zuzenean ikusi zuen lehen aldia. «Bonba bat izan da umetatik».

Urteak pasatu dira Athleticek Muniain fitxatu zuenetik. Itxuraz, ez da asko aldatu. Txikia da egun ere. Eta izaeraz ere berdintsu jarraitzen du. Hori da, hain zuzen ere, bere dohain nagusietako bat: gaztetxoetan, koadrilan edo eta Lehen Mailan berdin-berdin jokatzen du. «Zelaian ausarta eta lotsagabea izan da beti. Lehen Mailan dagoen presioak ez dio baldintzatu. Garaipen gose itzela dauka. Argentinarra dirudi».

Muniain hazten ari da etengabe. Bere-berezko dohainei ikasi beharreko beste gauza batzuk ari zaizkio gehitzen. Pixkana-pixkana garrantzia ari da hartzen Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldean. Aparteko presio barik ari da pausoak ematen, gainera. Inork ez dio eskatzen taldearen ardura hartzeko. Egun beste zuri-gorri batzuek dute betebehar hori: Fernando Llorentek, Javi Martinezek, Andoni Iraolak eta enparauek, alegia. Horrek mesede egingo dio. Berandu baino lehen egokituko zaio izarraren lanak egitea. Baina begi guztiak berari begira egoten direnerako orain arte erakutsi dituen gabezia batzuk zuzentzeko aukera izango du. Defentsan, esaterako, lan gehiago egin behar du. Baina, batez ere, area inguruan egiten duenaren arabera baloratuko dute haren jokoa. Beraz, erasoan egiten dituen hutsak dira landu beharrekoak. «Areaz kanpoko jaurtiketa hobetu behar du». Bestalde, bere burua behar baino gehiagotan botatzen duela pentsatzen duenik ere badago. Ez dira gutxi, gainera. Liñero, ordea, ez dator bat horrekin. «Jokaldi guztiak azkar eta bizi egiten dituenez, itxura hori ematen du, baina ez da bere burua lurrera botatzen duen horietakoa. Falta asko egiten dizkiote».

Hasieratik, eta Llorenteren kide

Lan saioetan erakutsi beharrekoa erakusteaz gain, bestelako neurriak ere hartuko lituzke Liñerok Muniainen jokoak orain arte baino eraginkortasun handiagoa izateko. Batetik, hegaletik kendu eta bigarren aurrelari gisa jokatzeko aukera emango lioke. «Nire ustez, Llorenteren ondoan jokatu behar du. Baliabide asko ditu: azkarra eta indartsua da. Oso zaila da Muniaini falta egin barik baloia kentzea». Bestalde, ez luke pizgarri gisa erabiliko. Hasieratik askoz gehiago eman dezakeela uste du. «Askoz hobeto aritzen da hasieratik aritzen denean, ordu erdia jokatzeko zelairatzen dutenean baino. Lehen minututik zelairatu dutenean partida biribilak egin ditu. Pizgarri gisa, ordea, presaka jokatzen ikusi dut».

Caparrosek bere asmoak asko aldatzen ez baditu, Muniain ezker hegaletik arituko da Anoetan. Hasieratik. Zelaiaren bestaldean, berriz,beste jokalari gazte eta dohatsu bat arituko da: Antoine Griezmann. Ezker fina da Realeko harribitxia. Frantziarra ere pauso erraldoiak ematen ari da denbora gutxian. Liñerok ere laudorioak baino ez ditu harentzat. «Athletic ezker hegalerako urteetan bila ari den ezaugarriak dituen jokalaria da. Gabilondok teknika handia du, baina Griezmann zuzenagoa da. Frantziarrak zein Muniainek harritu egiten naute. 40.000 zaleren aurrean jokatu arren, ez dira kikiltzen. Joseba Etxeberriaren traza hartzen diet. Talentua ez da nahikoa izaten gorenean nabarmentzeko».



Nortasun agiria

Izena. Iker Muniain.

Jaioterria. Iruñea.

Jaioteguna. 1992ko abenduak 19.

Garaiera. 1,69 metro.

Pisua. 63 kilo.

Postua. Erdilaria.

Dortsala. 27.

Ibilbidea. Txantrea, Athleticeko harrobia (2005-2009) eta Athletic (2009tik).

Estreinakoa Athleticekin. 2009ko uztailak 30. Athletic-Young Boys (0-1), Europako Ligan.

Partidak. 47

Golak. 6.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.