Txapela buruan itzuli dira etxera

Europako Challengea Toulonen aurka irabazi izana Londresen ospatu ondoren, Miarritzera iritsi dira jokalariak eta zaleakJokalarien artean poza da nagusi, Heineken Kopa jokatzeko aukera lortu dutelako

Miarritzeko jokalariak Heineken Kopako titulua ospatzen, herenegun, partidaren ondoren. MIARRITZE.
Eneritz Zabaleta.
Londres
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Epaileak azken txistu kolpea jotzean, eromena nagusitu zen Londresko Twickenhameko Stoop estadioan, herenegun. Euskal Herritik hurbildutako 600 zaleakzelaira sartu ziren berehala, ospakizunak jokalariekin batera egiteko. Segundo batzuen tartean The Stoopeko berdegunea Miarritzeko zalez bete zen, eta kolore zuri-gorriz jantzi zen.

Nahikoa, protokolo guztia hankaz gora ezartzeko. Challengeko finalaren antolatzaileek kopa podium berezi batean emateko asmoa zeukaten. Estadioko esataria behin eta berriz saiatu zen Miarritzeko zaleakberdegunetik ateratzen. Frantsesez, ingelesez, edukazioz eta haserre. Alferrik zen. Azkenean, Miarritzeko jokalariek zalez inguraturik jaso zuten kopa. Saria aurrez pentsatu bezala jaso ez bazuten ere, irudi polita ikusi ahal izan zen.

Gau eder baten hasiera izan zen hori. Kazetariengana etortzen lehena Patrice Lagisquet izan zen. Oso hunkituta zegoen Miarritzeko errugbi arduraduna: «Sekulakoa da une hau jokalariekin partekatzea. Eurek anitz ematen dute eguneroko lanean, eta izugarria da sari hau jasotzea». Usaian pausatuagoa da Lagisquet, baina atzo emozioak gaina hartu zion. Hori zuen Miarritzeko buru izandako azken partida. Datorren ekainetik aitzina, Frantziako selekzioko gibelekoen kargu eginen da Lagisquet.

Serge Blanco presidentea ere bai, gustura zegoen irabazitako tituluarekin: «Inoiz ez dugu etsi. Gauzak zail ezarri arren, beti jarraitu dugu. Ez da erraza izan, lan egin behar izan dugu, eta Toulonek gauzak zail ezarri dizkigu. Oso pozik nago titulua irabazita». Miarritzerekin eta errugbilari profesional gisa azken partida zuen Sylvain Marconnet ere oso hunkituta zegoen: «Hau itzela da. Inoiz ez nuen pentsatuko errugbiari Europako titulu batekin erraten ahalko nionik agur. Sasoia zaila izan da, une batez erabat jokoz kanpo geunden. Une zailak pasatu ditugu, eta anitzetan giro txar batean lan egin behar izan dugu, presioarekin. Baina bukaeran txapela jantzi dugu. Errugbiaren magia da hori».

Ospakizunak Agileran

Miarriztarren Londresko gaua oren txikiak arte luzatu zen, Ingalaterrako hiriburuko diskoteka ezagun batean. Jokalariek denboraldiko azken partida zuten, eta ongi merezitako ospakizunak izan zituzten.

Londresko ospakizunak luze jo arren, atsedenerako tartea ez zen oraino iritsi miarriztarrentzat. Oren batzuetako lo kuluxka egiteko denbora, eta guztiak hegazkinera igo ziren, titulua Euskal Herrian ospatzeko asmoz.

Miarritzeko zaleek arratsaldeko lauretan zuten ordua, Agilera estadioan, jokalariekin batera tituluaren ospakizunak egiteko. Jokalariek Challengearen kopa eskuz esku pasa zuten, eta zaleei aurkeztu zieten. Jende kopuru polita bildu zen, Londresera joandako miarriztar anitz Ingalaterrako hiriburuan gelditu arren. Euskal zaleak Irlandako zaleekin nahastu ziren, Ulster eta Leinsterren arteko Heineken Kopako finala bertatik bertara gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.