«Txapelak ez du ezer aldatu»

Bihar ekingo dio lau t'erdikoari iazko txapeldunak. Ez du presiorik sumatzen, ez behintzat txapelaren aurretik ez zuenik.

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Larraintzarren (Nafarroa) biharko Mikel Urrutikoetxearen aurkako final-laurdenetako partidarako pilotak aukeratu ondoren mintzo da Sebastian Gonzalez (Azkaine, Lapurdi, 1977). Gustura gelditu da hautaketan, eta ezohiko pilotalekua izan arren, ez dio trabarik aurkitu. Udako hilabete txarren ondoren jokoa berreskuratu duela dio, eta umoreko dago.Bizkor erantzun die galderei.

Ezer baino lehen, zer moduzko pilotalekua da Larraintzarkoa?

Leku batzuetan lurra beste batzuetan baino azkarragoa da,eta gero, hirugarren koadroan, bote bitxia egiten du, baina nahiko pilotaleku polita da. Ondo dago jokatzeko, ezagutzen nuen.

Zer moduz zaude sasoiz?

Azken hilabeteetan baino askoz hobeto nago. Uda oso txarra izan da, lesioengatik, baina azken asteetan asko egin dut gora.

Lau t'erdikoa ondo prestatzeko aukerarik izan duzu?

Bai, denbora nahikoa izan dut, fisikoki zein teknikoki. Orain niri dagokit jokatu eta irabaztea.

Zerrendaburu izateak prestaketa aldatu al dizu?

Biziago prestatu behar duzu, aurkariak zuk baino erritmo hobea dakarrelako.

Beti esan duzu, zure gorpuzkera astuna dela eta, asko kostatzen zaizula lau t'erdirako prestatzea. Oraingoan ere hala izan da?

Egia da, baina urteekin hori konpontzen ere ikasten da, gauza bat, eta beste bat... eta iaz, behintzat, dena ondo joan zen.

Desberdina al da txapeldun gisa hastea?

Ez, txapela duzu zure atzean, baina ez, ez du ezer aldatu. Hori ahaztuta dago. Hau beste txapelketa bat da, eta biharko partida garrantzitsuena.

Presio berezirik nabaritzen duzu txapeldun zarelako?

Momentuz, ez. Gainera, txapeletan presioa beti dago, are gehiago lehen partidan.

Ez da erraza hori sinestea.

Bada, egia da. Nik txapela memoriaren atze horretan utzi dut. Oroitzapen polita da, eta hala, bada, berriz txapeldun izan nahi nuke, baina ez da erraza. Horretarako, ondo prestatu behar da, zortea izan behar da...

Ikusi duzu iazko finaleko bideoa? Zenbat aldiz?

Bai, egunero, ohera joan aurretik... Txantxa da, ikusi dut, gurasoekin, amonarekin eta lagunen batekin, baina gutxitan.

Pilotazaleak desberdin begiratzen al dizu txapeldun izan zarelako?

Ez. Ni pilotari bera naiz. Pilotazaleak badaki pilota txar batekin sekulako tantoa egin dezakedala, eta pilota onenarekin hanka-sartze galanta.

Nolakoa izan da lau t'erdiko txapeldunaren urtea?

Lehen zortzi hilabeteak oso onak izan ziren. Hurrengo biak txarrak, lesioen erruz, eta azken bietan berriz ere goraka egin dut.

Udan lesioek ez zizuten utzi torneoetan sartu eta jarraian jokatzen. Larritu al zinen?

Lesio asko izan ditut, eta zera pasatzen da, min hartuta jokatzen duzunean askotan gorputzeko beste atal bat mintzen duzu. Bai, buruari buelta batzuk eman nizkion: sendatu eta erritmoa hartzean kolpe bat hartzen duzu, gero suspertu eta beste kolpe bat... Hala zaila da erritmoa hartzea eta zuriz jokatzean ez duzu zure maila ematen.

Lehen, asko kostatzen zitzaizun txapelketan lasai jokatzea. Iaz, berriz, patxadaz aritu zinen.

Entrenamenduak oso bizkor egiten ditugu, bizi egiten dugu lan, eta lehen, partidetan dena oso bizkor egiten saiatzen nintzen, eta hori astakeria zen. Partida ordubetekoa bada, lasai jokatu behar da, eta nerbioak kontrolatzen jakin behar da. Teknika aldetik ere ikasi dut zerbait... jokatzeko beste modu bat da oraingoa. Baina, tira, beti dago zerbait ikasteko.

Zer, adibidez?

Gauza asko, denek bezala. Nirekasuan kokapena, eta, noski, eskuinkolpea... hori beti.

Hitz egin Urrutikoetxeaz.

Lanak emango dizkit; 2. Mailako txapelduna da eta badaki lau t'erdian jokatzen. Eskuinarekin min handia egiten du, dejada badu...

Saketik falta asko egoten ari dira. Arduratzen zaitu horrek?

Ez zait arau aldatzea gustatzen. Buruz burukorako eta binaka probatu zuten pasa falta bihurtzen eta lau t'erdian bi sake egongo zirela esan zuten, baina azkenean bakarrean gelditu da. Ez zait gustatzen, arriskutsua da, kolpe ona eman eta bi koadroren tartean sartu behar duzu. Niri kostako zait egokitzea.

Azkena, zailena. Zein da helburua? Txapela eskatu behar zaizu?

Hori nahiko nuke, baina urrun dago. Txapela nahi dut, guztiek bezala, baina lehenbizi bihar irabazi behar dut. Gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.