Hilak 18. Gaueko hamaikak Abu Dhabin (zortziak Euskal Herrian). Inter Milanek Kluben Arteko Munduko Kopa irabazi berri du, finalean Mazembe Kongoko ErrepublikaDemokratikoko talde apala mendean hartu ostean (3-0). Titulua ospatzen ari dira Inter Milaneko jokalari guztiak. Rafa Benitez, baina, ez da zelaian ageri. Bazter batean dago. Ez du ospakizunerako gogorik. Bai, ordea, barrenak husteko. Massimo Moratti Inter Milaneko presidentea du jomugan. Agindutako fitxaketak ez egitea eta haren babesa ez izatea leporatu dio. «Errespetua» eskatu dio ere, bai hari, baita jokalariei ere.
Benitezen adierazpenok laster iristen dira Morattiren belarrietara. «Ez dira egokiak», presidentearen lehen erantzuna. Bigarrena, Italiara iristean: «Ikusiko dugu zer gertatzen den». Azken atala, atzo: Benitez jada ez da Inter Milaneko entrenatzaile. Klubak eta teknikariak akordioa lortu dute bien arteko kontratua bertan behera uzteko —2012ko ekainera arte zuen kontratua—. Benitezek hiru milioi euro inguru jasoko ditu Interreko aulkia libre uztearen truke. Morattik badu jada haren ordezkoa: Leonardo Nascimento de Araujo brasildarra, Milaneko jokalari eta entrenatzaile ohia.
Mourinhoren itzal luzea
Inter Milanek eta Benitezek eskerrak eman dizkiote bata besteari agurreko ohar batean. Formalismo hutsa da, klubeko zuzendaritzaren eta entrenatzailearen arteko harremana tirabiraz betetakoa izan baita ia hasieratik. Arrazoia? Morattik kolpe latza jaso zuen Jose Mourinho galduta. Benitezen alde egin zuen portugaldarra ordezkatzeko, baina ez zegoen erabat konbentzituta. Bazekien ia ezinezkoa izango zela Mourinhoren aginduetara Inter Milanek egindakora hurbiltzea: Italiako Kopa, Superkopa eta Txapeldunen Liga irabazi zituen Inter Milanek aurreko denboraldian. Morattik, halere, ezin zuen imajinatu ere egin Benitezekin taldeak hondoa joko zuenik. Datuak hor daude: zazpigarren da Ligan, Milanengandik, aurkari gorrotatuarengandik hamahiru puntura. Txapeldunen Ligan ere ez da aritu askoz hobeto. Final-zortzirenetan dago, baina lehen ligaxkan ez zuen aparteko lanik egin, eta Tottenhamek aurrea hartu zion sailkapenean. Horren ondorioz, Bayern Munich izango du aurkari hurrengo kanporaketan.
Morattiknola edo hala aldatu nahi du taldeak Benitezekin zeraman bide eskasa. Ligan zaila izango da aurrekoek dioten aldeari buelta ematea. Txapeldunen Ligan, ordea, badu burua altxatzeko aukera. Baita Italiako Kopan ere. Orain ikusteko dago aldaketak taldeari mesede egiten dion.
Txapeldun eta langabe
Inter Milanek eta Rafa Benitezek bertan behera utzi dute euren arteko akordioa, Italiako taldeak haren aginduetara Kluben Arteko Munduko Kopa irabazi eta bost egun eskasera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu