«Txapeldun izan nahi dut»

Jorge Lorenzo mallorkarrak lehen aldiz irabazi du MotoGP mailako Munduko Txapelketa. Erakustaldia eman du Yamahako pilotuak, eta 13 urterekin lau haizeetara zabaldutako ametsa bete.

unai zubeldia
Donostia
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Giorgio Lorenzo naiz, eta munduko txapeldun izan nahi dut». 13 urteko mutiko baten hitzak dira. Orain bederatzi urtekoak. Giorgio, Jorge Lorenzo. Hazi da mutikoa. Zutoina jo zuen iaz, MotoGP mailako bigarren postuarekin. Valentino Rossi italiarrak bere lekuan jarri zuen umea. Yamaha etxean sua piztu zen, ordea. Sua eta horma zurrun bat. Horma horrek bereizi ditu bi pilotuak denboraldi honetan ere. Baina mallorkarrak argi hitz egin zuen orain hamar urte. «Munduko txapeldun izan nahi dut». Ez hormarik eta ez ezinik. Umetako esanak oso gutxitan gauzatzen dira, baina lasterketatik kanpo gazte harroa bezain pilotu ona da Lorenzo motor gainera igotzen denean. Etsai asko sortu ditu bere izaerak. Baina zale asko maitemindu ditu motor gainean daukan abileziak. Pilotu berezia, oldarkorra, ausarta eta kalkulatzailea. Horixe da Jorge Lorenzo, MotoGP mailako munduko txapelduna.

Yamaha etxeko pilotu bikainak amaren sabelean sentitu zuen lehenengoz motor gaineko zirrara. Mezulari lanetan ibiltzen zen ama orain 23 urte, Palman (Herrialde katalanak). Besapean mezu argia zeukala munduratu zen Lorenzo txikia. Aitak egin zion lehen motorra, eta semearen motor grinarekin amets egiten hasita, hiru urterekin igo zuen Lorenzo txikia bi gurpilen gainera. Malizia zer den ikasterako lehian zebilen mutikoa. Urte gutxiren buruan jokoa izango zena jolas gisa moldatu zuen Chicho Lorenzok, aitak. Eta semeak jolasa maite zuen.

Sei urterekin parte hartu zuen, lehendabizikoz, lehiaketa ofizial batean, eta Baleareetako txapelketa eskuratu zuen. Lau urteren buruan hamar garaikur baino gehiago zeuden lorenzotarren etxean. Bi gurpil eta gasolina. Beste ezer ez zuen behar mallorkarrak. 2000. urtean baimen berezi batekin parte hartu zuen Espainiako Motoziklismo Txapelketan. 13 urte eskas zeuzkan artean Giorgiok -bideo batean hala ezagutarazi zuen bere burua-. Eta 15 urte bete zituen egunean eman zuen behin betiko pausoa. Munduko Txapelketa zain zeukan. Baina hiru urteren buruan txiki geratu zitzaion 125 cc-ko maila, eta Dani Pedrosaren itzalean beste koska bat igotzea erabaki zuen. Luzea izan zen itzal hura. Luzeegia gehienetan. Ezinikusiak, gorrotoak, liskarrak... Orduan gorpuztu zen bien arteko harreman txarra. Hori bai, mallorkarrak pistan bertan hitz egin zuen 2006an eta 2007an. 17 lasterketa irabazi zituen. 17 lasterketa, eta munduko bi txapelketa. Hori bai, pistetatik kanpo larri ibili zen. Aita edo managerra. Gorako bideak bi bidezidor zeuzkan. Managerra aukeratu zuen, askoren harridurarako.

Lehen lasterketan, 'pole'-a

«Munduko Txapeldun izan nahi dut». Gorago begira zegoen Giorgio, eta Dani Amatriain managerraren aginduetara alboratu zuen 250 cc-ko maila. Motor handia nahi zuen. Eta lortu zuen. Orain hiru urte iritsi zen MotoGP mailara, eta martxoaren 8an, lehen lasterketan, pole-a lortu zuen. Casey Stonerrek ilundu zion ametsa hurrengo egunean, baina txapeldun izateko lehen urratsa egin zuen orduan mallorkarrak.

Talentua soberan zeukan, baina zaleen maitasuna eta lasaitasuna falta zitzaion. Eta, bitxia bada ere, Yamaha etxean, historiako piloturik handienaren ondoan jarritakoan, orduantxe hazi zen Lorenzo. Lasaitutakoan, erorketak ahaztutakoan eta harrokeriak bazterrean utzitakoan jaio zen munduko txapelduna. Eta orain hamar urteko ametsa gauzatuta ere, Giorgio Jorge Lorenzorena da oraina eta etorkizuna, besteak beste, Toni Elias Moto2 mailako txapeldunaren baimenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.