Luxuzko ligaxka, bi hitz nahikoak dira lau t'erdiko txapelketaren finalerdiak azaltzeko. Palmares potolodun lau pilotari giltzapetuko dira kaiolan hurrengo asteetan. Urrezko kaiola dirudi, bertan egungo lau t'erdiko txapelduna, buruz buruko txapelduna, buruz buruko eta lau t'erdiko txapeldun ohi bat eta aurrelari ikusgarriena elkartuko baitira. Pilotazaleak ezin du gehiago eskatu.
Faborito nagusia bera izan arren, Aimar Olaizola txapeldunak lanak izango ditu berriz ere finalean sartzeko. Aurrean Aspeko koadroko lau t'erdikoko hiru espezialista onenak izango ditu: Titin III.a, Martinez Irujo eta Barriola. Finalerdietako ligaxka bi aste barru hasi eta hiru asteburuz luzatuko da. Lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute oraindik zehazteke dagoen pilotalekuan.
Aurtengo lau t'erdikoaren kanporaketetan ez da ezusterik falta izan, eta bi zerrendaburuk bakarrik lortu dute finalerdietarako txartela. Ustekabeak bai, baina ez handiak, nola Barriolak hala Irujok lau t'erdian primeran moldatzen direla erakutsi izan dutelako.Aimar Olaizola txapeldunak bide samurra izan du, iragan larunbatean arazo handirik gabe kanporatu baitzuen Sebastian Gonzalez. Titin III.ak ere ez zuen askoz lan gehiago egin behar izan Oinatz Bengoetxea bidean uzteko. Leitzar gaztearen bilakaerak beste urtebete itxaron beharko du banakako txapelketetan ere urrun iristeko.
Bi zerrendaburuekin batera, Juan Martinez Irujok ere maila bikaina eman du. Aurten Aimar Olaizolari irabazi zion Nafarroako lau t'erdiko finalean, eta egun hartan kaiolarako arra piztu zitzaion. Iberokoak kaiola gorroto zuela esatetik finalerdietako ligaxkan sartzera pasatu da. Aurreneko partidetan Saralegi eta Berasaluze IX.arenak egin zituen, eta final-laurdenetan Xalak ez zion traba handirik egin. Ligaxkako partaideen artean lau t'erdian bide txikiena egindakoa den arren, uztailean txapeldunari irabazi izanak finalerako hautagai bihurtu du.
BARRIOLAREN ITZULERA. Pilotazaleak zorioneko daude, eta are gehiago Aspeko buruak. Lau t'erdikoaren lehen partidetako albiste gozoena Abel Barriolaren itzulera bikaina izan baita. Iaz ez zuen lau t'erdikoa jokatu eta urtea oso latza izan da berarentzat. 2005eko hutsunearen ondoren txapeldun ohiak behe behetik ekin dio lehiari, eta ligaxkan sartu du muturra.
Leitzarraren eskua bigunegi dago binaka edo buruz buru lan handiak egiteko, lau t'erdirakoari, berriz, primeran eusten dio. Eskua tako ugarirekin estali arren Barriolak koadroko pilotari dotoreenetakoa izaten jarraitzen du, eta oso gutxi bezala moldatzen da kaiolaren bazterretara. Txapelketako aurreneko partidan Peñari lau t'erdian nola jokatzen den irakatsi zion, eta bigarrenean lehiakor jarraitzen izaten duela erakutsi. Olaizolak 17na berdindu zuenean ez zen hondoratu eta ondo erabaki zuen partida. Herenegun Ruizi ez zion frontisetik urruntzen utzi eta honek min hartu zuenerako lehia erabakita zegoen (17-8).
Txapelduna, Asperen aurka
Iaz ezin izan zuen parte hartu, baina aurten Abel Barriola lau t'erdikoaren ligaxkara itzuliko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu