F Multzoa

Txapelduna etxera

Italiak multzoan azken amaitu du; Eslovakiak 3-2 irabazi dio. Honez gain, Paraguai ere final-zortzirenetara.

2010eko ekainaren 24a
17:06
Entzun
Asteartean Frantzia Munduko Kopako egungo txapeldunordea joan zen etxera, eta orain txapelduna: Italia. Bukatu zaio pagotxa bere zuhurkeriari. Oraingoz, behintzat. Paraguai, Zeelanda Berria eta Eslovakia izan ditu aurkari F Multzoan eta ez da gai izan batere irabazteko: Paraguairen kontra bana egin zuen, Zeelanda Berriaren kontra ere bana eta, azkeneko jardunaldian, 3-2 galdu du Eslovakiaren kontra. Multzoko azkena bukatu du...

Ez ditu aurten izan Tottiak, Pirloak -lesioagatik, mundialeko azkeneko orduerdian baizik ez du jokatu-, Del Pieroak, Toniak, eta ezin. Italiak aurrealderako kalitateko jokakaririk ez izatea oso da kezkagarria.

Final-zortzirenetan sartu nahi bazuten, Paraguaik eta Zeelanda Berriak 0-0 egin dutela kontuan hartuta, Eslovakiaren aurka berdintzea nahikoa zuten. Partida ez dute, baina, sekula alde izan. 2-0 joan da Eslovakia aurretik. Bukaeran estutu du pixka bat Italiak eta, 3-2 zirela, 96. minutuan Pepek hirunakoa izan du; gehiegi zatekeen.

Eslovakiak gainditu du helburua bere lehen Munduko Kopan. Harentzat, nahikoa zen mundialean egotea. Final-zortzirenetan Herbehereak izango du kontrario.

Eslovakia 3. Mucha, Pekarik, Skrtel, Durica, Zabavnik, Strba (Kopunek, 87m), Kukca, Stoch, Jendresik (Petras, 92m), Hamsik, Vittek (Sestak, 93).

Italia 2. Marchetti, Zambrotta, Chiellini, Cannavaro, Criscito (Maggio, 46m), Pepe, De Rossi, Montolivo (Pirlo, 55m), Gatusso (Quagliarella, 46m), Ianquinta, Di Natale.

1-0: Vittek (25m). 2-0: Vittek (73m). 2-1: Di Natale (81m). 3-1: Kopunek (89m). 3-2: Quagliarella (92m).

---

Paraguaik ere gainditu du bere helburua. Gainera, aurrena bukatu du multzoan. Final-zortzirenetan Japonia izango du aurkari; aurrera egiteko aukerak, beraz.

Laugarren aldiz sartu da final-zortzirenetara. Aurreko aldiak, 1986, 1998 eta 2002ko mundialak. Langa hori gainditzea dute xede orain.

Paraguai 0. Villar; Caniza, Julio Caceres, Da Silva, Morel; Riveros, Victor Caceres, Vera; Valdez (Benitez, 67m), Santa Cruz, Cardozo (Barrios, 66m).

Zeelanda Berria 0. Paston; Reid, Nelsen, Vicelich, Smith; Bertos, Elliot, Lochhead; Fallon (Wood, 69m), Killen (Brockie, 79m), Smeltz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.