Ez zaio unerik aproposenean iritsi Bartzelonari Chelsearen aurkako Txapeldunen Ligako finalerdietako itzuliko partida erabakigarria. Joanekoan, Londresen, 1-0 galdu izana nahikoa ez balitz bezala, Pep Guardiolaren taldeak muturreko latza jaso zuen joan zen larunbatean, etxean Real Madrilen aurka 1-2 galdu eta Espainiako Liga laugarren aldiz jarraian irabazteko ia aukerarik gabe geratuta.
Argi dago ez dela buelta eman beharreko kanporaketa bati aurre egiteko unerik onena, baina hala egokitu zaio. Lau egun eskasen buruan denboraldi osoa, urte osoko lana izango du jokoan Bartzelonak. Kale edo bale egin beharra du.
Txapeldunen Ligako finaletik kanpo geratzea oso kolpe gogorra litzateke, are gehiago Espainiako Ligan aurkari zuzenaren aurka makurtuta. Egia da sasoi honetan jada hiru titulu irabazi dituela (Europako eta Espainiako Superkopa eta Kluben Arteko Munduko Kopa), eta laugarren bat irabazteko pauso bakarrera dagoela (Espainiako Kopako finala jokatuko du Athleticen aurka), baina Espainiako Ligak eta Txapeldunenak ematen diote distira garaipen zerrendari, bi lehiaketa horretan egindako lanak egiten duela denboraldia ona, erdipurdikoa edo txarra. Eta gaur-gaurkoz Bartzelonak agur esan dio Espainiako Ligari, eta gaur Chelseak duen aldeari buelta eman ezean, Txapeldunen Ligari ere agur esango dio. Presioak, hala ere, ez dirudi haren jokatzeko era aldatuko duenik. Bere estiloarekin azkeneraino doan entrenatzailea baita Guardiola.
Txapelduna, kinka larrian
Bartzelonak ezerezean utzi nahi du gaur Chelseak joaneko partidan lortutako gol baten aldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu