Txapeldunak espero baino lehenago esan dezake agur

Joanekoan 0-1 irabazi zuen Bayern Munichek, eta gaur lana biribildu nahi du, Inter Milan kanporatuta

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Bayern Munichek eta Inter Milanek Txapeldunen Ligako finala jokatu zuten iazko maiatzaren 22an Madrilen. Italiako taldea nagusitu zen (2-0), eta hirugarrenez irabazi zuen titulua. Hamar hilabete geroago, bi taldeok final kutsua duen partida jokatuko dute. Gaur ez da titulurik izango jokoan, titulua irabazteko amets egiten jarraitzeko aukera baizik. Bayern Munichek du abantaila, Italian jokatutako joaneko partidan harentzat izan baitzen garaipena (0-1). Hori gutxi balitz bezala, Alemaniako taldeak etxean jokatuko du gaur. Municheko Allianz Arena estadioa beteko duten 66.000 ikusleen babesa izango dute lagun. Louis Van Gaalek zuzendutako taldea, gainera, konfiantzaz lepo dago, Alemaniako Ligako azken jardunaldian Hanburgori astindu latza eman eta gero (6-0).

Bayern da faborito final-laurdenetarako sailkatzeko. Alemaniarrak, hala ere, ez dira Inter Milanekin fidatzen. Ondo egiten dute, Italiako talde bat tartean dagoenean ez baita komeni gehiegi konfiatzea. Lehiakorrak dira ezeren gainetik, eta ez dute inoiz amore ematen. Inter Milan ez da salbuespena. Horri, gainera, Leonardok bere aginduetara dituen jokalarien kalitatea gehitu behar zaio: Julio Cesar, Maicon, Lucio, Zanetti, Sneijder, Eto'o... Edozeini irabazteko moduko taldea du entrenatzaile brasildarrak.

Eguneko beste kanporaketan ere etxeko taldea da faboritoa:Manchester United. Ingelesek hutsean berdindu zuten joanekoan Olympique Marseillaren zelaian, eta gaur lana errematatu nahi dute, bosgarren aldiz jarraian final-laurdenetarako sailkatuta. Frantziako taldeak, berriz, ustekabea eman nahi du, eta lehiaketako oilarretako bat kanporatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.