Liderra da, baina beste bi gidarirekin berdinduta. Munduko txapelduna da, baina hasiberri batek buruhausteak eragiten dizkio. Etxean lehiatzen ari da, baina berak bezain ondo ezagutzen dute zirkuitua aurkariek. Ia dena alde izatea oso arriskutsua da espainiarrarentzat. Azken lasterketa kezka askorekin bukatu zuen, eta galdera mordoarekin. Horiek isilarazteko gaur Circuit de Catalunyangaraipena beharrezkoa du. Horretarako hain garrantzitsua den pole-a eskura izan zuen atzo, baina Massak hartu zion aurrea.
Guztiek diote 1 Formula ez dela besteak bezalako kirola, baina ikusleentzat eragin gutxi dauka horrek. Bertan dihardutenek, aldiz, gehiago pairatzen dute. Babesleek izugarrizko eragina dute, eta gidarien lana haien interesak zaintzera bideratua dago askotan. Historikoki, McLaren taldeak harreman estua izan du babesleekin, eta beste edozein taldek baino marketin ekintza gehiagotan parte hartzen du. Munduko txapeldun izandako garaian ere, Coulthard nahiz Hakkinen horren kexu izan ziren.
Hobera baino gehiago, gehiagora egin du horrek, eta Alonso une txarrean iritsi da McLarenera. Babesle berri garrantzitsua du taldeak -Vodafone-, eta beste ezer baino gehiago, irudia saltzen du enpresa horrek produktuaren beraren gainetik. Horregatik, bere publizitate kanpainak amu deigarria behar du, eta McLarenen Alonso da hori. Ohitua ez dagoen kanpaina piloan ari da txapelduna, eta denak betetzera behartuta dago. Berez McLaren bezalako talde batean lan astuna dena, Espainiako Sari Nagusiaren atarian jasangaitz bilakatzen da. Eta, gainera, pistan bere lana egin behar du.
GAURKO LANA: IRABAZTEA. Hor ez dago zalantzarik. Alonsok emaitza ona behar du, futboleko gol psikologiko baten antzeko efektuduna. Garaipen bat behar du, oraindik gidari txapeldun dela erakusteko. Jostailu mediatiko izateaz gain, bere lana ondo egiten duela esateko. Prentsa britainiarraren zurrumurru gosea kitatzeko. McLaren taldean Hamilton izaten ari den gorakada gelditzeko. Elementu guztiak kontra dituela dirudi.
Alonsok gauza bakarra du aldekorapilo honetan guztian: historia hau hasi berria da. Hiru lasterketa bakarrik daramatza Hamiltonek, eta azkenekoarekin lortu du efekturik indartsuena. Hura baita Alonsoren kezka iturri nagusia une honetan, Ferrariko Massa eta Raikkonenen gainetik. Biotako baten batek irabaziz gero, Ferrarik McLareni irabazi diola ondorioztatuko genukeen. Hamilton, baina hasiberria da, talde berekoa, ikasteko behar duen urtean dagoena. Ezinezkoa da gainerako taldeei aurre egitea, bakoitzaren taldean bertan liderra izan gabe. Eta horixe da jokoan McLarenen.
Atzo lehen neurketa irabazi zion Hamiltoni, eta horrek lasai utziko du ditu asko. Jakina da azken entrenamendu saioan erregai karga sekretua dutela autoek, eta parametro horren ezagutza gabe ateratzen diren ondorioek pisu gutxi dute. Erregai kopurua igar daiteke nolabait, ordea. Azkeneko tanda, Q3 delakoa, eta haren aurrekoa, Q2 a, alderatuz ondorio txukunak azaltzen dira. Q2 saioan autoek hiru itzulirako erregaia dute, gutxienekoa alegia. Hortaz, erregai kopuruak itzuliko denboran duen eragina kontuan izanda, gidari bakoitzaren Q3 eta Q2 arteko denborak alderatu behar dira.
Hamiltonek eta Alonsok denbora berbera zuten Q2 saioan. Aldiz, Alonsok sei hamarreneko gehiago behar izan zituen Q3an, eta segundo osoa Hamiltonek. Horrek esan nahi du seguruenik Alonso erregai gutxiagorekin irtengo zela. Logikoa da erabaki hau, McLarengo babesle asko espainiarrak baitira eta Alonsoren pole-aprimeran zetorkien egunkarirako. Baina Massak titularra lapurtu zion. Massak eta Raikkonenek zortzi eta bederatzi hamarreneko gehiago behar izan zituzten Q3 osatzeko. Hortaz, Alonso baino erregai gehiagorekin sinestarazten dute.
Erronka zaila du Alonsok, baina halako ataketatik irabazle atera izan delako lortu du azken bi urteotan txapela. Gaur garaipena behar beharrezkoa du betikoa dela erakusteko, egun 1 Formulakogidari onena dela argi uzteko. Huts egiten badu, aldiz, zailago izango du hurrengo lasterketan onena dela erakustea. Irteera baliatu beharko du Alonsok, aurreratzeak ez direlako ohikoak Katalunian.
Txapeldunak ezin du hutsik egin
Massaren alboan irtengo da gaur Alonso, Raikkonenen eta Hamiltonen aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu