Txapeldunarekin batera

Itxakok Larvik, Gyori eta Midtjylland izanen ditu aurkari Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkan

Macarena Aguilar, jaurti nahian, iragan sasoian, Larviken aurkako finaleko itzulikoan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Europako zortzi talderik onenen artean aurkari errazik ez dago, baina Itxakori multzo hagitz gogorra egokitu zitzaion atzo Vienan egindako zozketan, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkarako. Nafarrekin batera Larvik (Norvegia), Gyori (Hungaria) eta Midtjylland (Danimarka) ariko dira lehen multzoan. Larvik da egungo txapelduna. Itxako hartu zuen mendean maiatzean, Txapeldunen Ligako finalean. Sasoi honetan hainbat jokalari garrantzitsu galdu ditu, baina, oraindik ere, lehen mailako aurkaria da Norvegiako taldea. Faborito nagusietako bat, zalantzarik gabe, txapela berriz janzteko.

Gyori, berriz, norvegiarrei txapela kentzeko hautagai sendoenetako bat da. Aurreko sasoian ere aritu ziren hungariarrak nafarren kontra. Finalerdietan utzi zuen Itxakok Gyori lehiaketatik kanpo. Heidi Loke, Andrea Lekic eta Jovanka Radicevicekin sendotu du taldea Gyorik; ederki, gainera. Aurkari arriskutsua izanen da, zalantzarik gabe.

Lehen ligaxka amaitu bezain pronto errandako hitzak ekarri ditu gogora Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek, zozketaren emaitzaren berri izan eta gero, eta azpimarratu du aurkarien izenak edo ustezko mailak baino garrantzi handiagoa izanen duela jokalarien sasoiak, bigarren ligaxka hasten denean. «Munduko Txapelketa jokatuko da bigarren ligaxkari ekin aurretik. Ikusi beharko dugu nola gauden», erran du, pixka bat kezkatuta. Jokalarien nekeak eta lesioek zer erran handia izanen dutela argi du.

Bigarren multzoan Buducnost (Montenegro), Oltchim (Errumania), Krim Mercator (Eslovenia) eta Metz (Frantzia) ariko dira. Multzo bakoitzeko lehendabiziko bi taldeak sailkatuko dira Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatzeko. Multzo bakoitzeko lehenak bertze multzoko bigarrena izanen du aurkari.

Itxako hirugarrenez ari da Txapeldunen Ligan sasoi honetan, eta aurrekoan finalerako sailkatu eta gero, bertze helbururik ez du denboraldi honetarako. Aurkari gogorrak utzi beharko ditu lehiaketatik at aurrera egiteko. Orain arte bide sendoa egin dute nafarrek Europan. Munduko Txapelketak jokalarien sasoian zer-nolako eragina izanen duen kontuan hartu beharko da datorren otsailean, Txapeldunen Liga berriro martxan jartzen denean.

Lada, Bera Beraren aurkari

EHF kopan, Errusiako Lada Togliatti egokitu zaio Bera Berari aurkari, final-zortzirenetan. Donostiarrek etxetik kanpo jokatuko dute lehen partida (otsailaren 4an edo 5ean), eta bigarrena, berriz, Bidebieta kiroldegian (otsailaren 11n edo 12an). Aurkari zaila da, zalantzarik gabe, Bera Berarentzat. Talde sendoa dute errusiarrek. Haien herriko ligan laugarren da Lada. Gogor egin beharko dute lan gipuzkoarrek final-laurdenetarako sailkatzeko.

Atzoko mailan aritzen badira, ordea, aukeraren bat edo beste izango dute aurrera egiteko. Mar Sagunt bigarren sailkatuaren pistan jokatu zuten donostiarrek, eta 21-25 irabazi zuten. Hirugarren postuan jarri da orain Bera Bera —Itxakok 23-25 irabazi zion Alcobendas hirugarren sailkatuari, eta emaitza horri esker hartu diote aurrea donostiarrek espainiarrei, gol aldeagatik—. Kukullagak, berriz, 33-24 galdu zuen Ro'Casaren aurka. Urtarrilera arte etenaldia izango dute ligan, Munduko txapelketa tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.