Txapeldunaren etxean jokatuko du gaur Itxakok

Lizarrako taldeak Larviki egingo dio bisita Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako bigarren partidan

Begoña Fernandez, jaurtitzen, Gyoriren aurkako partidan. LANDER F. ARROIABE / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Sasoia hasi zenetik, orain arteko partidarik garrantzitsuena jokatuko du gaur Itxakok, Norvegian. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako bigarren jardunaldian, Larvik txapelduna izanen du aurkari. Gyoriren aurka jokatu zuten nafarrek aurreneko norgehiagoka joan den asteburuan. Galdu egin zuten, eta ondorioz, puntuak irabazten hasteko premia dute.

Larviken irabaztea hagitz zaila dela inork baino hobeki dakite Itxakoko jokalariek. Zaila bai, baina baina ez ezinezkoa. Hori ere erakutsi dute. Larviken gisako aurkari bati aurre egiteko gai direla. Hutsik gabeko partida egin beharko dute. Burua partidan jarri, eta gainerako guztiak ahaztu.

Hori lortzea ez da beti erraza. Asteon, pistatik kanpoko kontuak bilakatu dira protagonista Lizarrako taldeko kideen artean, oraindik ofizialki deus erran ez badute ere, litekeena delako Ambros Martinek taldea uztea sasoia amaitzen denean. Zazpi denboraldi egin ditu Lizarran, eta antza denez, Europako bertze ligaren batean egin nahi du lan. Hainbat talde omen daude aukeran, baina Hungariako Gyori litzateke aukera gehien izanen lukeena.

Auzi horri buruz adierazpenik ez du egin nahi izan Ambrosek. Sasoiko unerik garrantzitsuena da hau Itxakorentzat, eta entrenatzaileak ez du jokalarien kontzentrazioari eraginen dion inolako elementurik nahi. Gaurko partida da une honetan jokalarien helburu nagusia. Larvik ongi ezagutzen dute, aurreko sasoian Txapeldunen Ligako finalean aritu baitziren bi taldeok elkarren kontra. Norvegiarrak nagusitu ziren, nahiz eta Itxakok garaipena eskura izan zenbait unetan. Une erabakigarrienetan, hala ere, Larviken esperientzia nagusitu zen.

Joan den asteko Gyoriren aurkako partidan ere, hatzekin ukitu eta gero egin zion ihes garaipenak Itxakori. Xehetasunetan galdu zuen. Egindako hutsak zuzentzeko, baina, batez ere, jasotako porrota ahazteko ordua da.

Horixe azpimarratu du, behintzat, Itxakoko jokalari Maja Zebicek. «Gyori ahaztu egin behar dugu. Partida ongi prestatu genuen, baina ezin izan genuen irabazi. Orain Larviken pistan aritzeko ordua da. Irabazteko aukerak ditugu».

LARVIK-ITXAKO

Txapelketa. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako bigarren partida.

Larvik. Rantala, Leganger, Larsen, Sando, Breistol, Blanco, Kristiansen, Johansen, Breivang, Riegelhuth, Sulland, Stange, Wibe, Kurtovic, Mork eta Stromsvag,

Itxako. Navarro, Milenkovic, Barno, Egozkue, Sopronyi, Pinedo, Aguilar, Tervel, Agirre, Alonso, Zebic, Martin, Pena, Fernandez, Fachinello eta Barbosa.

Epaileak. Zotin eta Volotkov (Errusia).

Sailkapena. Larvik lehena da lehen multzoan (bi puntu), eta Itxako hirugarrena (punturik ez).

Lekua. Larvik Arena (4.000 ikusle).

Ordua. 16:45 (Canal 6).

Multzoko beste partida. Gyori-Midtjylland (gaur, 15:15).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.