Atzo egin zen aurtengo Txapeldunen Liga osatuko duten zortzi multzoen zozketa. Oso parekatuak irten ziren gehienak, eta faborito gehiegik elkarren kontra aritu beharko dute. Europako ligak gero eta parekatuagoak dira, talde handi asko dago, eta lehen lehia latzeko multzo bakarra izaten bazen, orain ia denak dira zailak. Faboritoak ere izaten dira, hala ere, eta kasu honetan eta teorian multzo erosoenak Arsenal eta Manchester Unitedenak izango dira.
-A multzoa: Deportivo eta Liverpool dira aurrera egiteko faborito nagusiak, eta lehen jardunaldian Anfield Roaden jokatuko dute elkarren kontra. Deportivok Ingalaterran jokatu duenetan sekulako arrakasta edo egundoko porrotak izan ditu, ez du erdibiderik. Monaco aurreko urteetan baino ahulago dago, Giuly, Rothen, Prso eta Morientes galdu ondoren, eta Olympiakosek erakargarritasunik handiena Rivaldoren magia da.
-B multzoa: Europan izenikbaduten lau talde dira multzo honetan suertatu direnak, baina gehienek ez dute zerikusi handirik garai batean zirenarekin . Erromak aldaketa handia izan du, eta Totti da bertan geratu den izar bakarra. Bayern Leverkusenentzat ere ez dira garairik onenak, Lucio defentsak Bayern Munichera alde egin eta gero. Dinamo Kiev ere garai hobeak ezagutua da, baina edonor mendera dezake bere zelaian. Horrek guztiak RealMadril egiten du faborito nagusi.
-C multzoa: Multzorik gogorrenetakoa suertatu da hau, txapelketa irabazteko hiru faborito nagusik elkarrekin topo egin baitute. Maccabi lekuko dutela, Bayern Munich, Juventus eta Ajax lehen fasean kanpoan ez geratzeko borrokan ariko dira. Bayernek aldageletako arazoak konpondu behar ditu, erabakigarria izango da taldekideen arteko harremana, baina presioa hobekien jasaten dutenak dira, horrelako multzoetan askotan suertatu baitira.
-D multzoa: Koadrila honetan ere lehia izango dela aurreikusi daiteke, hirurentzat leku bakarra izango baita teorian. Manchester United handiak ez lukearazo handirik izan behar sailkatzeko, eta horrek gainontzeko hiru taldeen norgehiagokak erabakigarri egingo ditu. Adam Smith aurrelari berria izango dute eurekin. Frantziarrak dirudi beste hiru taldeetan sendoena, baina txekiarrek eta turkiarrek badute eurek hainbat eskarmentu txapelketan.
-E multzoa: Izen handiak elkartu ditu patuak multzo honetan, baina denen gainetik Arsenal dago. Highbury Parkeko Gunnersak jokalari onak izateaz gain, talde bezala ongi hezurmamitua dago. Beste hiru taldeak ez daude Arsene Wengerren mutilen pare, baina oso zaila egiten da euren zelaietan jokatzea, batez ere Panathinaikosen kasuan, zaleek galanki estutzen dute-eta aurkaria.
-F multzoa: Azken urteetan aldaketak izan dituzten bi talde, Bartzelona eta Milan AC; Europan geroz eta ausartago dabilen bat, Celtic Glasgow; eta erabateko ezezagun bat, Shahktar Donest, elkartu dira multzo honetan. Ukrainarrak lirateke ahulenak, baina teknika faltak eragindako hutsuneak indarrarekin konpontzen dute. Henrik Larssonek bere talde ohiaren kontra jokatu beharko du.
-G multzoa: Multzo hau ere ez da batere erosoa izango. Milango Interrek bolada on bati hasiera emateko Veron, Cambiasso eta Davids fitxatu ditu. Eskarmentudunak eta borrokalariak. Werder Bremen ez da izarrak izan ohi dituen taldea, baina taldelanean gutxik bezala egiten du. Bundesligako lider da egun, eta bere burarekin konfidantza handia du. Valentziak Rafa Benitezen hutsari aurre egin beharko dio, eta Anderlechtek Europan izan zuen izena berreskuratu nahi du.
-H multzoa: Beste faborito nagusi bat kalean geratuko da multzo honetan. Porto iazko irabazlea, Chelsea, Paris Saint Germain eta CSKA Moskuren artean ez da erraza pronostikoak egiten. Mourinho bere talde ohiaren kontra ariko da, diruari esker geroz eta indartsuagoa den talde batekin. Frantziarrek galdutako ospea berreskuratu nahian dabiltza, eta CSKA Moskuk hau dena ordainduko duela dirudi.
FUTBOLA. TXAPELDUNEN LIGA
Txapeldunaren lehen pausoa
Atzo egin zen Txapeldunen Ligako multzoak banatzeko zozketa, eta irailaren 14an hasiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu