futBOLA

Txapeldunen Ligako beste finalista, Inter

Bartzelonak 1-0 baino ez dio irabazi gaur. Maiatzaren 22an izango da finala. Bayern da beste finalista.

2010eko apirilaren 28a
23:01
Entzun
Bayern Munichek atzo lortu zuen Txapeldunen Ligako finaleko txartela, eta gaur, Inter Milanek. Honek joanekoan 3-1 irabazi zion Bartzelonari, eta gaur 1-0 baino ez du galdu. Gerard Piquek sartu du gola, 84. minutuan; beranduegi zen.

Inter 28. minututik hamar jokalarirekin aritu da, epaileak Thiago Mottari txartel gorria atera dionetik. Taldea harrezkero oso atzean sartu da eta Bartzelonak ez du zulorik aurkitu.

Finala maiatzaren 22an izango da, Madrilen, Santiago Bernabeu zelaian (20:45). Iaz Bartzelonak irabazi zuen titulua; 2-0 gailendu zitzaion Manchester Unitedi finalean.

Riberyk ezingo du jokatu finala, zigorragatik

Franck Ribery Bayerneko aurrelariak ez du finala jokatuko, UEFAk gaur hiru partidako zigorra jarri baitio Olympique Lyonen aurkako finalerdiko joanekoan Lisandro jokalariari zapaldua egiteagatik. Epaileak txartel gorria atera zion horregatik Riberyri, eta honek atzo ez zuen jokatu. Klubak hiru eguneko epea du helegitea sartzeko, eta aurkeztuko duela esan du.

0-3 irabazi zuen atzo Bayernek Lyonen; joanekoan, berriz, 1-0. Alemaniako taldeak lau aldiz lortu du titulu hori: 1974, 1975, 1976an eta 2001ean.

Inter bi aldiz izan da txapeldun: 1964 eta 1965ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.