Futbola

Txapeldunen Ligako finala, Anoetan

Zortziko Finaleko neurketak Anoetan eta San Mamesen artean jokatuko dira, abuztuaren 21etik 30era.

ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 17a
16:42
Entzun

UEFAk hartu du erabakia: emakumeen Txapeldunen Ligako Zortziko Finala Euskal Herrian jokatuko da; hain zuzen ere, Anoetan eta San Mamesen. Abuztuaren 21etik 30ra bitarte izango da, eta finala Anoetan jokatuko da. Espainiako Federazioak egin zuen horretarako eskaria, eta UEFAk baiezkoa eman du. Dagoeneko hasi dira pentsatzen zein zelaitan presta dezaketen txapelketa eta non entrena daitezkeen lehian arituko diren zortzi taldeak.

COVID-19aren pandemiak lehiaketa eten zuenean, final-laurdenak jokatzekoak ziren, eta hauek ziren kanporaketak: Bayern-Lyon, Wolfsburg-Glasgow, PSG-Arsenal, Bartzelona-Atletico Madril. Horien artean, Wolfsburg eta Bayern dira oraintxe lehian ari diren bi taldeak, Alemaniako liga itzuli egin baita. Ingalaterrako, Frantziako eta Espainiako Ligak etenda daude, eta Eskoziak ez du oraindik erabaki zer egingo duen txapelketarekin. Final-laurdenak abuztuaren 21ean eta 22an jokatuko dira, finalerdiak 25ean eta 26ean, eta finala 30ean, 20:00etan. Partidak ateak itxita jokatuko dira, ezer aldatu ezean.

Lyon da txapelketa irabazteko hautagai nagusia, Sei aldiz irabazi du txapelketa, azken laurak erreskadan. Izarrez beteko taldea da: Ada Hegerberg, Eugenie Le Sommer, Wendie Renard... Nahiz eta aurten, ligan, PSG estu hartzen ari zen. Liga eten zenean, hiru punturen aldea baino ez zuen Lyonek. PSGn jokatzen du, hain zuzen ere, Irene Paredesek. Legazpikoak, aukera izango du Europako kluben arteko txapelketa etxean jokatzeko.

Gizonezkoen txapelketari dagokionez, Zortziko Finala Lisboan jokatuko da. Lehia abuztuaren 7an itzuliko da. Koronabirusaren krisia agertu aurretik erabakitzeke geratu ziren final-zortzirenetako kanporaketak jokatuko dituzte aurrena. Itzulerako partidak jokatuko dituzte Manchester City-Real Madril (2-1), Juventus-Lyon (0-1) eta Bayern-Chelsea (3-0), eta Bartzelona-Napoles (1-1) taldeek. Printzipioz, etxean jokatzea egokitzen zaien taldeen zelaian jokatuko lirateke neurketak, eta, ezingo balira jokatu, Guimaraeseko Alfonos Heriques zelaian edo Portoko Dragaon jokatzea proposatu du UEFAk.

Zortziko Finaleko partidak abuztuaren 12an hasiko lirateke. Final-laurdenetako lehiak abuztuaren 12tik 15era jokatuko lirateke, finalerdiak 18tik 19, eta finala 23an. Norgehiagokak 21:00etan izango dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.