Itxakok eta Oltchimek indarrak neurtuko dituzte gaur Errumanian, Txapeldunen Ligako lehen faseko 4. jardunaldian (17:00). A multzoko lehen bi sailkatuak dira, eta irabazleak aurrerapauso handia emango du finalerdietarantz. Itxakok ez du lan samurra izango, Europako jokalari multzo onenetakoa daukalako aurkariak, baina konfiantzaz beterik daude nafarrak, eta jokoan zer dagoen ikusita, guztia ematen saiatuko dira. Bi taldeok beste bi norgehiagoka jokatuko dituzte lehen fase honetan, baina gaur irabazita, lanak eginda utziko lituzkete.
Itxakok eta Oltchimek ondo ezagutzen dute elkar, lehenengo jardunaldian Lizarran elkarren kontra aritu zirelako. Ordukoan nafarrak 27-26 nagusitu ziren, eta azken txanpan sei golen aldea janda, gainera. Baina ikusi zen parekotasun handia dagoela bien artean. Iaz ere aritu ziren aurrez aurre, gaurko kantxa berean, eta orduan ezin izan zuen Itxakok irabazi. Halere, itxura ona eman zuen. Hori bai, adituek diotenez, aurten talde hobea dauka Oltchimek, Ozel jokalari turkiarra fitxatu dutelako eta gainontzekoek esperientzia gehiago dutelako.
Konfiantzaz gainezka daude, ordea, Itxakoko jokalariak, Espainiako Kopa irabazi ondoren, eta baikor dira gaurko partidari begira. Sasoi onean daude, denboraldi erdi aldera izan zituzten zalantza guztiak uxatu dituzte, eta edonori aurre egiteko gai dira. Raph Tervel frantziarrak ezin izango du jokatu, min hartuta jarraitzen duelako, baina Nerea Pena nafarra hasieratik ariko da berriz ere.
Bera Berak irabazi egin du
Bera Berak ABF ligako partida irabazi zuen atzo Bidebietan Cleba Leonen aurka, eta azken jardunaldietako bolada txarra zuzendu zuen (34-26). Asobal ligari dagokionez, San Antoniok ere irabazi zuen, Alcobendasen aurka (35-28). Garaipenari esker, Iruñeko taldeak zazpigarren postuan jarraitzen du. Azkenik, eta herenegun jokaturiko partidan, Arratek Logroñoren aurka galdu zuen (23-26). Eibarko taldeak jaitsiera postuetan jarraitzen du, Toledok ere galdu zuelako.
Txapeldunen Ligako laugarren partida jokatuko du gaur Itxakok Errumanian
Nafarrek Oltchim talde indartsuaren kontra jokatuko dute, eta irabazita ia finalerdietan egongo lirateke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu