Athleticek bi final jokatuko ditu hurrengo hilabetean. Bi. Erraz esaten da. Europako Liga eta Espainiako Kopa zain ditu. Hainbeste erronka garrantzitsu horren gertu izanda, ez da samurra izango bestelako kontuetan buru-belarri aritzea. Baina Athleticek gogotsu lehiatzen jarraitzeko arrazoiak baditu ligan: laugarren postua nahi du, datorren sasoian Txapeldunen Ligan aritzeko.
Egun Malaga da postu horren jabe, eta lau puntu gutxiago ditu Athleticek. Berez ez da alde handia, baina hamabi puntu baino ez dira geratzen txapelketa amaitzeko. Beraz, datorren sasoian Europako talde indartsuenen kontra lehiatu ahal izateko aukeraren bat izateko geratzen diren puntu ia guztiak irabazi beharko ditu talde zuri-gorriak. Eta hala eginda ere beste talde batzuen hutsen zain egon beharko du.
Athleticen aurkariek dagoeneko badakite Bielsaren taldeak ez duela etsiko. «Talde handiak neurketa garrantzitsuetan eta horren erabakigarriak ez direnetan dira lehiakorrak», esan zuen Bielsak Mallorca etxean hartu bezperan. Caparrosen taldeari irabazteko gai izan zen Athletic. Astebete geroago Racing hartu zuen mendean Sardineron. Eta ikusmin gutxi sortu zuten bi norgehiagoka horiek irabazita, Europako postuetara itzuli da taldea.
Zaragoza, kinka larrian
Romaredan beste urrats bat egin gura du. Racingen moduan, Zaragoza ere behar gorrian dago, sei puntura daukalako salbazioa. Beraz, aukera gutxi du onenen artean jarraitzeko. Baina ez da neurketa erraza izango, duintasunez ari delako lehiatzen Manolo Jimenezek zuzentzen duen taldea. Sasoi hasieratik azken hilabete bietan eman duen maila eman izan balu, ez zen zuloan egongo.
Zaragoza hil ala bizi zelairatuko da. Horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Etxeko taldearentzat alde ona da ez duela amore emango. Baina egoera horretan dauden taldeei ikaragarri kostatzen zaie irabaztea. Lan asko egin behar dute gola sartzeko, eta akats txikiena garesti ordaintzen dute. Aurkariak izan dezakeen antsietatea baliatu beharko du Athleticek ametsetan jarraitzen.
Txapeldunen Ligari begira
Marcelo Bielsak azken unera arte itxarongo du zer hamaikako atera erabakitzeko, zalantza ugari dauzkalako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu