Txapeldunik gabe

Oilazola II.a eta Ruiz gabe hasiko da San Fermin Torneoa, 7an, Labriten

edurne elizondo
2003ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Iaz txapeldun, eta aurten ez dute parte hartuko. Manomanistaren atzerapenek eragin zuzena izan dute aurtengo San Fermin Torneoan, eta Olaizola II.a eta Patxi Ruiz gabe hasiko da txapelketa, datorren astelehenan, hilaren 7an. Ruben Belokik ere ez du jokatuko, eztei-bidaian egonen baita hilaren 15a bitarte.

Asegarce enpresa kaltetu du gehien manomanistaren atzerapenak, eta Iñigo Salbidea enpresako gerenteak atzoko aurkezpenean aitortu zuen «zaila» izan dela bikoteak osatzea. Hala ere, torneoa «arrakastatsua» izanen dela uste du Salbideak, eta alde batetik zein bestetik pilotari gazteen alde egindako apustua nabarmendu zuen.

Asegarcek, hain zuzen ere, hiru bikote aurkeztuko ditu Labriten: Olaizola I.a-Pascual, Berasaluze VIII.a-Peñagarikano eta Esain-Otxandorena.

Aspek, berriz, ondoko bikoteak osatu ditu: Xala-Goñi III.a, Titin III.a-Eulate eta Goñi II.a-Barriola. Aspek «berritasunaren» aldeko apustua egin du San Fermin Torneorako. Enpresako gerente Patxi Mutiloak Xalaren eta, batez ere, Eulateren parte-hartzea nabarmendu zuen. Azken hori estelarretan ari da aspaldian, eta enpresak emandako konfiantzari erantzunez.>

Eugi eta Lasa III.a torneotik at gelditu dira, eta, horren arrazoiez galdetzerakoan, ohiko erantzuna eman zuen Mutiloak: «Halako lehiaketetan aukeraketa egin behar da, beti gelditu behar du norbaitek kanpoan».

EPELeko zuzendari nagusi Julian Arruabarrenak ere hitza hartu zuen San Fermin Torneoaren aurkezpenean. Manomanistaren atzerapenak bikoteak egiteko sortu dituen arazoak mintzagai izan zituen berak ere, baina txapelketan ariko diren pilotariak «ikuskizun ederra» emateko gai izanen direla espero duela nabarmendu zuen Arruabarrenak. Azaldu zuen, halaber, Juan Mari Juaristi arduratuko dela torneo osoan materiala hautatzeaz.

Lehiaketa San Fermin egunean abiatuko da, Nafarroako Lau t'erdiko Txapelketaren finalarekin. Torneoko binakako txapelketa, berriz, biharamunean hasiko da, final-laurdenekin. Finalerdiak hilaren 10ean eta 11n jokatuko dira, eta, finala, berriz, hilaren 13an.

Txapelketatik at jokatuko diren partidei dagokienez, hilaren 10ean Etxaniz eta Elkoro Beloki II.a eta Errastiren aurka ariko dira. Eugik eta Raik, berriz Bengoetxea VI.a eta Zearraren kontra jokatuko dute, hilaren 12an.>

P

NAFARROAKO LAU T'ERDIKOA



Goñi II.ak eta Barriolak jokatuko dute bigarren finalerdia, gaur



Bigarren finalerdiko irabazlearen zain da Iñaki Esain, Bengoetxea VI.ari 22-17 irabazi ondoren. Eta Nafarroako Lau t'erdiko Txapelketaren finalean aurkari nor izanen duen gaur jakinen du pilotariak, gaueko 22:30ean jokatuko baita Mikel Goñiren eta Abel Barriolaren arteko finalerdia. Zalantzaz betetako partida izan da bi pilotarion artekoa, manomanistaren atzerapenek eraginda, kasu honetan ere. Izan ere, Aimar Olaizolak eskatutako atzerapena onartu izan ez balute, Barriolak jokatuko zuen manomanistako finala. Azkenean ez da horrelakorik gertatu. Astelehenean, bestalde, zaintiratua izan zuen Barriolak, baina ez du finalerdia jokatzeko arazorik izanen. Finala hilaren 7an jokatuko dute, Esainek eta gaurko irabazleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.