Txapelketa irabaztera

Beste hiru proba falta dira, baina Stonerrek Japoniako Sari Nagusian irabaz dezake Munduko Txapelketa

unai zubeldia
2007ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Casey Stoner australiarrak (Ducati) Moto GPko Munduko Txapelketa irabaz dezake bihar Japonian, Motegiko zirkuituan. Japoniako probaz gain, Australiakoa, Malaysiakoa eta Valentziakoa geratzen dira txapelketa amaitzeko, eta Stonerrek 76 puntuko aldea ateratzen dio Valentino Rossi italiarrari (Yamaha). Stonerrek Rossiren aurretik amaitzen badu edo puntu bat gutxiago lortzen badu, australiarra txapeldun izango da. Bihar irabazten ez badu, berriz, oso berezia izango da hurrengo proba, urriaren 14koa. Izan ere, egun horretan Stonerrek etxean irabazi ahal izango du bere lehenengo Moto GP Mailako Munduko Txapelketa.

Erromantizismoak eta etor daitezkeen egunak ahaztuta, ordea, Stonerrek Japonian bertan utzi nahi du txapelketa erabakita. Bridgestone etxearentzat -eta Ducatirentzat- egoki-egokia da Japoniako zirkuitua, eta, beraz, Stonerrek alde polita eduki dezake gurpilekin, nahiz eta egunotako bero handiak eraginik izan dezakeen. Lehen entrenamendu saioetan, esaterako, Pedrosak Stonerrek baino denbora hobea lortu zuen -sei ehunen gutxiago-. Rossik, berriz, Pedrosak baino ia segundo bat gehiago behar izan zuen.

Jorge Lorenzok ere txapelketa erabakitzeko aukera izango du 250 cc-ko proban, nahiz eta horretarako berak irabazi eta Andrea Doviziosok, gehienez, 15. postuan amaitu beharko lukeen. 125 cc-koan Talmacsi eta Faubelen arteko borroka estua izango da, bost puntu besterik ez baitaude bien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.