Txarrean ere, baikor

Mailaz jaitsi zen sasoian galdu zituen azken aldiz Realak lau partida jarraian. Ez da harritzekoa, beraz, jokalariek bolada txarra lehenbailehen eten nahi izatea. Halere, burua ezin dutela galdu esan du Joseba Llorentek.

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Lau partida jarraian galtzea sekula ez da seinale ona. Hamabi puntutatik bakarra ez lortzea kezkatzekoa da, baina laugarren partida galdu izanak piztutako beroaldia igarotakoan, gauzak hotzean aztertzeari ekin behar zaio. Reala ez zegoen ohituta azken hiru denboralditan horrelako bolada txarrak pairatzera. Joan den sasoian, behin ere ez zituen galdu bi partida jarraian. Duela bi, berriz, hiru galdu zituen jarraian gehienez, eta behin bakarrik, Murtzia, Hercules eta Alavesen aurka. Duela hiru urtekoan ere, hiru partida galdu zituen boladarik eskasenean, Numantzia, Sporting eta Racing Ferrolen aurka —Jose Ramon Eizmendi zen entrenatzailea—. Baina lau, behin ere ez. Bigarren Mailan zegoen taldea, jakina.

Lehen Maila beste kontu bat da. Bertan bai, badaude oraingo bolada txarraren aurrekariak. Denboran gertukoak, gainera. Jaitsieraren urtean, bost partida galdu zituen jarraian, bigarren jardunalditik seigarrenera, Jose Mari Bakero aulkian zela. 22. jardunalditik 25.era, berriz, beste lau, Miguel Angel Lotinarekin. Haatik, ia bukaerara arte izan zituen taldeak mailari eusteko aukerak. Aurreko sasoian ere, Gonzalo Arkonada entrenatzaile zela, lau partida galdu zituen lau jardunalditan, Atletico Madril, Valentzia, Betis eta Zaragozaren aurka. Handik gutxira kargutik kendu zuten irundarra. 2004-2005 sasoian ere, salbazioa eroso lortu arren, ez zen libratu lau partida jarraian galtzeaz —Albacete, Bartzelona, Levante, eta Vila-real—. Gol bakarra sartu zuen tarte horretan.

Halako estualdiak, beraz, normaltzat hartu behar dira. Gainera, itxaropenerako beste bi arrazoi badaude: taldeak erakutsitako jokoa, eta aurkari zuzenek ere azken lau jardunalditan puntu gutxi batu izana. Jokoan oreka topatzea da Realaren erronka. Oker gehiegi egin ditu azken boladan, opariak egin ditu geldikako jokaldietan, eta errazegi galdu du kontzentrazioa. Defentsa eta erasoaren arteko trantsizioetan deskuidatu, eta ez du bizkarra behar bezala zaindu, tarteka. Baina beste hainbat urtetan ez bezala, gola dauka taldeak, eta konponbide errazagoa dauka gehienetan defentsa ahulak, erasoko antzutasunak baino. Gabeziak konpondu beharko ditu, dohainei ahalik eta kalte txikiena eginez. Futbolaren betiereko borroka.

Realeko jokalariek burua hotz dute, erreferentzia nagusietako batek, Joseba Llorentek, atzo adierazi zuenez: «Lau partida galdu ditugu jarraian, eta hori onartzea ez da erraza, baina kontuan hartu behar dugu denok zein talderen aurka jokatu dugun eta nola galdu dugun, etxean batez ere. Irabazteko modukoak izan ziren Valentzia, Sevilla eta Zaragozaren aurkakoak. Baikorrak izan behar dugu, kanpoan ezkortasuna egon arren». Denboraldi hasieran zegoen beldurra kontuan hartuta, ontzat jo zuen taldearen egoera: «Ezin gara lasaitu, baina bederatzi puntura dago jaitsiera. Denok sinatuko genuen, Liga hasi zenean, une honetan horrela egotea».

Gauza onak eta txarrak

Aurrelariaren iritziz, Realak ezin du jokatu «soka lepoan» balu bezala. «Hiru aurkari gogor izan ditugu, alde batetik, eta Zaragozan, bestetik, partida ona egin ez arren, lasai-lasai itzuli ahal izan ginen hiru puntuekin. Ez da erotzeko momentua, ez gu behintzat. Sailkapena begiratuta pribilegiatu batzuk gara, talde asko daudelako gu baino beherago». Aitortu zuen Realak baduela zer hobetu: «Gauza batzuk ez ditugu ondo egiten, baina beste asko bai. Konpondu beharrekoa barruan konponduko dugu». Ez du uste eskema edo estrategia berritzeko edo joko ereduan aldaketa sakonak egiteko garaia denik: «Orain arte oso ondo joan zaigu horrela, azken bolada hau kenduta».

Larunbateko partidan Reala garaipenaren bila aterako dela azpimarratu zuen: «Agian berdinketa ona da, egia da gutxi lortu ditugula, baina ez dugu aldez aurretik ezer sinatzen. Hiru puntuak ateratzeko premia dugu, jaitsiera hamabi puntura uzteko». Getafe errespetatu arren, aukera ikusten du: «Aurkari sendoa da, baina saiatuko gara sailkapenean gerturatzen. Europako Ligatik partida bakarrera egon gara luzaroan. Orain urrutiago dago, eta alde hori murriztu nahi dugu. Presio handirik gabeko zelaia da, hotz samarra, baina talde ona da Getafe, azken urteetan erakusten ari den moduan, ia beti dagoelako taula erditik gora».

Lehen Mailan okerrak garesti ordaintzen direla gogorarazi zuen. «90 minutu irauten dute partidek eta segundo batez burua joaten bazaizu, edo ez bazaude ondo, gola sartzen dizute. Kontzentrazio alorrean bete-betean eutsi behar dugu partida osoan zehar, horretaz bizi garelako». Egutegi zaila datorkio taldeari. Datozen lau partidetatik, hiru kanpoan jokatu beharko ditu, Getafe, Vila-real eta Real Madrilen aurka. Hortik aurrera, berriz, aurkari zuzen gehienak igaroko dira Anoetatik. «Gero Almeria, Mallorca eta Osasuna datoz, besteak beste. Orain arteko aldearekin iristen bagara partida horietara, uste dut ondo egongo garela. Aurrerantzean ezingo dugu barkatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.