Atzera kontua hasi da. Txekiar Errepublikako Sari Nagusiarekin, Munduko Abiadura Txapelketa hasi da berriz; txapelketako 11. proba izango da. Zazpi lasterketa falta direnean, bi mailatan erabakita dago lehiaketa (Moto GP eta 250cc), nahiz eta lasterketen garaipenerako borroka hazi egingo den denboraldi bukaeran.
Aste honetako lehiak Brnoko zirkuitua du eszenatoki. Ibilbideak ez dit oroitzapen onik ekartzen, nire etapa profesionaleko azken urteak markatu zituen istripua jasan bainuen han, 1994. urtean. Hala eta guztiz ere, onartu beharra daukat Txekiako pista Munduko Txapelketako hoberenetarikoa eta politenetarikoa dela. Brnok ez du ezer falta; ibilbide dibertigarria da, azkarra, segurua eta azpiegitura oso ona du.Teknikoki, onenentzako ibilbidea da, zirkuitu osoa. Pista zabala du, aurreratzeko egokia, eta irabazi nahi duenak gogoz saiatu behar du alderdi guztietan. Brnon gailentzeko, ausarta izan behar da; ezinbestekoa da kontzentraturik egotea (zirkuitu luzea da, igoera eta jaitsiera askorekin) eta motoaren prestaketan erabat asmatzea. Hemendik aurrera eta bukaera arte, irabazteko hautagaien zerrenda nabarmen luzatuko dela pentsatzen dut. Gainera, maila nagusian, Rosiri lehen postuetan lagunduko diotenen borroka emozioz beterikoa izango da. Sete Gibernauk hobetu ote duen da galdera nagusia. Nik zaila ikusten dut.Litro laurdenean Pedrosak zailtasunak topa ditzake Aprilia motoen erasoen aurrean. Stoner eta De Angelis horretan saiatuko dira. Azkenik, 125cc maila izango da borrokarik irekiena. KTM eta Mika Kalio abantailarekin ikusten ditut.
ATZEKO ESERLEKUAN
Txekiak aldaketa ekarriko du azken borrokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu