A Multzoa

Txekiak arnasa hartu du Greziaren kontura

Seigarren minuturako bi eta huts irabazten ari zitzaion. Errusiaren aurka egurra hartu ondoren, lehen hiru puntuak lortu ditu. Greziak oso zail du sailkapena.

2012ko ekainaren 12a
13:33
Entzun

Eurokopako partidarik motzena jokatu dute Txekiak eta Greziak, bigarren jardunaldiaren estreinakoan: seigarren minuturako Txekia 0-2 irabazten ari zen, Jiracek eta Pilarren golei esker. Eta Greziak ezer egin al dezake seigarren minuturako 0-2 galtzen joanda? 2004an Eurokopa irabazi zuenekoak beste garai batzuk ziren. 

Txekiak arnasa hartu du, lehen jardunaldian Errusiaren kontra 4-1 galdu ondotik. Partida primeran jarri zaio hasieratik bertatik, baina gero pasatu du estutasunik. Izan ere, Cech atezainak gola oparitu dio Greziari 53. minutuan: huts galanta egin du eta Gekasek, 1-2ko gola. Ez da ohikoa Cechek halakoak egitea; duela lau aste batik bat berak eman zion Chelseari Txapeldunen Ligako titulua, final handia eginda.

Dena dela, Txekiak ez du Europako aurreko txapelketetan izandako txispa. Nevdeven-eta atzetik ez da tamainako inor heldu.

Greziari oso zail jarri zaio final-laurdenetarako txartela. Multzoko lehen biak sailkatuko dira kanporaketara, eta bi partidatan puntu bakarra irabazi du. Larunbatean Errusia indartsuaren aurka ariko da. Txekia, berriz, Poloniaren kontra.

0-1: Jiracek (3m). 0-2: Pilar (6m). 1-2: Gekas (53m).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.