Txiki edo handi, erronka polita

Lagun Arok egutegi gaiztoa du: Unicaja, Baskonia, Alacant eta Real Madril; Malagan ekingo dio gaur (20:45)

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek ACB ligan jokatuko du datorren denboraldian. Estudiantes menderatuta baieztatu zuen lorpen hori, igandean, eta bere neurrian baloratu behar da. Aspaldian dena delako poza, arrakasta Donostian, baina komeni, ligako lehen bi hilabeteek utzitako aho zapore garratza gogoratzea. Donostiarrak 2-8 balantze txarrarekin baitzeuden abenduaren hasieran. Gaur, guztiz kontrakoa: 12-10, azken hamabi partidetatik hamar irabazi ostean. Bolada txar hartan galdu zuen Unicajaren aurka Ilunben, justu samar: 92-95.

Normaltzat jo zen orduan porrot hura. Arrarotzat gaur Lagun Aroren seigarren postua. Sinesten hasi behar, ordea, Sito Alonsok gidatzen duen taldearen jardun bikaina ez delako bizpahiru partidakoa, aste pare batekoa. Ligako talde onena da azken hiru hilabeteetan, Bartzelonarekin berdinduta. Gipuzkoarren lana goratzen duen datu ona. Ondorioa? Seigarren postua, zortzi onenen artean sartzeko erronka, eta kolpea mahai gainean.

Gerta litekeelako Lagun Arok sailkapeneko bosgarren postuan bukatzea jardunaldia. Laugarrenean ere bai, maldan behera doan Alacantek bere neurketa galtzen badu Valentziaren aurka. Serioa litzateke halako zerbait gertatzea, ez baita berdina tarteka zazpigarren edo zortzigarren izatea, edo laugarren edo bosgarren izatea. Unicaja bezalako talde aberatsa gainditu ostean. Malagako taldeak 13-15 milioi euroko aurrekontua duelako, eta Lagun Arok herena baino gutxiago.

Talde txiki edo handi izan, bide horrean murgilduta dago Lagun Aro, baina talde handi bilakatzeko itxaropenarekin. Erronka Unicaja hiru puntugatik menderatzea da, eta hori lortu ezin bada, garaipen soila. Goian jarraitzeko. Fedea irabazteko. Taldeak zortzi onenen artean lekua daukala esateko mundu guztiari. Martxoa bukatu bitartean daukan egutegi gaiztoari ekiteko modu ikusgarria litzatekeelako. Lagun Aro talde handia edo txikia den argituko duen egutegia, hain zuzen ere.

Malaga da lehen geltokia. Igandean Caja Laboral dator Donostiara bisitan, eta handik, Alacantera. Azken geltokian ere ezin sobera lasaitu: Real Madril Ilunben. Zortzi onenen artean dauden lau talde. Lau ez, bost, Lagun Aro ere bertan dagoelako. Onartzeko moduko jarduna litzateke pare bat irabaztea, borrokan jarraitzeko.

Unicaja jota dago

Ez da erraza izango, Unicaja jaiki egingo delako egunen batean. Horretarako lehengaia du, eta Chus Mateo entrenatzailearen postua ere kolokan dago. Azken hamahiru partidetatik hamabi galdu ditu, Euroligakoak aintzat hartuta, baina talde bikaina du. Asmatu ezinik ari den talde bikaina. Sito Alonso eta bere jokalarien zeregina da Unicajari garaipena zailtzea, aurkaria bere onetik ateratzea hasieran, bere kasa hondoratzen joan dadin. Garaipen premia handia duelako.

Arazo franko ditu Unicajak lesioekin. Garbajosak eta Dardenek ez dute jokatuko, baina Valtersek atzean utzi du amigdalitisa, eta Freelandek ere bai sukarra. Lagun Arori dagokionez, zaila da Neto osatzea, eta klubak ez du arriskurik hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.