D multzoa

Txikiak handia jan du, berriz ere

Serbiak ustekabea eman du Alemaniari irabazita (0-1). Podolskik berdintzeko aukera izan du, penaltiz, baina huts egin du. Undiano Mallencok Klose kaleratu du, eta horrek baldintzatu du partida.

2010eko ekainaren 18a
11:31
Entzun
Bertze behin, selekzio txikiak handia jan du Munduko Kopa honetan. Espainiak Suitzaren aurka galdu zuen lehenik, eta Frantziak Mexikorekin atzo. Ingalaterrak itxuraz kaskarragoa zen AEBekin berdindu bertzerik ez zuen egin, eta Italiak ere ozta-ozta Paraguairekin. Gaur, Alemaniaren txanda izan da. Hobea den arren, ezin izan du Serbiarekin, eta galdu egin du: 0-1.

Partida zozoa jokatu dute bi selekzioek, eta ez dira kalitate handiko jokaldiak ikusi. Partida jokaldi batek baldintzatu du: Klose aurrelari alemaniarraren kaleratzeak. 36. minutuan sarrera gogorra egin du, eta Alberto Undiano Mallenco epaile euskal herritarrak ez dio barkatu. Bigarren txartela eta kalera. Handik bi minutura, Jovanovicen gola.

Hortik aitzinera, bat gutxiagorekin, Alemania nahi eta ezin aritu da. Bigarren zatian, 60. minutuan, aukera ezin hobea eduki du partida berdintzeko. Penaltia izan du alde, baina Podolskiren jaurtiketa Stojkovic atezainak gelditu du. Alemania saiatu da gola bilatzen, baina aukera argienak Serbiak izan ditu: Jovanovicek zutoinera, eta Zigicek langara.

Alemaniak, irabaziz gero, eskura zuen final-zortzirenetako eroso sailkatzea. Azken jardunaldian Ghanari irabazi beharko dio orain. Serbiari, berriz, ate guziak zabaldu dizkio garaipenak.

Alemania 0. Neuer; Lahm, Mertesacker, Friedrich, Badstuber (Mario Gomez, 77m); Ozil (Marin, 71m), Schweinsteiger, Khedira, Muller (Cacau, 70m), Klose eta Podolski.

Serbia 1. Stojkovic; Ivanovic, Subotic, Vidic, Kolarov, Krasic, Ninkovic (Kacar, 70m), Kuzmanovic (Petrovic, 75m), Stankovic, Jovanovic (Lazovic, 79m) eta Zigic.

0-1: Jovanovic (38m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.