Txikiak handiari, kosk

Sakea bikain baliatu, eta eroso irabazi du Bengoetxea VI.ak Kutxa Masterseko laugarren ekitaldia

Juan Martinez de Irujo eta Oinatz Bengoetxea, atzo, Labriten jokatutako Kutxa Masterseko finalaren jokaldi baten amaieran. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gaizki ohitzea erraza izaten da sarritan, errazegia. Eta Juan Martinez de Irujok ere halaxe zeuzkan pilotazale gehienak. Aurten, beste behin, berak irabazi du titulu gehien. Eta horrexegatik, agian, bazirudien atzo ere Iberokoarentzat izango zela Kutxa Masterseko laugarren ekitaldia. Ordea, txiki-handi batekin egin zuen topo: Oinatz Bengoetxearekin. Erakustaldia eman zuen leitzarrak, eta, ustekabean, erabat nagusitu zen Iruñeko Labrit pilotalekuan. Beraz, txikiak handiari kosk egin zion.

Eta nola kosk egin, gainera. Egiari zor, partida ez zen ona eta gustagarria izan. Pilotakada gutxi jo zituzten, eta tantoak zirt-zart batean amaitu. Horren arrazoia eta meritua, baina, Bengoetxea VI.arena izan zen. Izan ere, horretxen bila atera zen hasieratik, eta ederki aurkitu zuen, bai. Ez zion Irujori berak maite duen jokoa egiten utzi, eta bere onetik aterarazi zuen: «Jokoa ongi ikasita ekarri dut, baina ez da beti erraza izaten praktikan jartzen. Normalean Irujok egiten diguna egin diot nik gaur berari. Oso pozik nago», zioen Bengoetxea VI.ak partida amaieran. Ez zen gutxiagorako.

Jaun eta jabe izan zen kantxa gainean leitzarra, baina partida hasieran estualdi bat baino gehiago igaro behar izan zuen. Irujok sekulako abiadan ekin zion norgehiagokari, eta konturatzerako lau tanto aurretik zen markagailuan (5-1). Ematen zuen betiko istorioa errepikatuko zela. Baina ez, orduantxe esnatu zen irabazlea, eta iratzargailuak gogor jo zion, nonbait. Saskitik bere pilota atera, eta erakustaldiari ateak zabaldu zizkion. Denetik egin zuen: sakea bikain baliatu, tantoa ederki amaitu, pilota gozatu, defentsan zorrotz aritu... Egun oso ona tokatu zitzaion, eta aurkariari ez zion ezertarako aukerarik eman.

Egindako guztia ongi irten zitzaion, bai, baina batez ere sakean asmatu zuen gehien. Zazpi tanto eskuratu zituen hala, baina beste horrenbeste izan ziren pilota ahoko zuloan harrapatzeko balio izan zietenak. Eta leitzarrak, hortik, gutxitan barkatzen du. Hamalau tanto egin zituen guztira, eta mordoska bat, era horretan. Hark ere aitortu zuen sakean egindako lana: «Luze, motz, txokora zein zabalera atera dizkiot sakeak, eta nire helburua bete dut, bera deseroso sentitzea». 2008an buruz buruko txapeldun irten zeneko Bengoetxea VI hura ekarri zuen gogora.

Irujo, makal eta nekatuta

Txapeldunaren lanari ez dago meriturik kentzerik, baina egia da Irujo ere bere mailatik urrun aritu zela. Ezinezkoa da urte osoa sasoi onean egon eta jokatutako guztia irabaztea. Hura ere nahiko haserre zen: «Hemen guztiok gara pertsonak, eta atseden apur bat ere behar dugu. Partida gehiegiren zama daukat bizkar gainean». Hori bai, irabazlearen meritua goraipatu zuen: «Oinatzek partida izugarria jokatu du, eta merezimendu osoz nagusitu da. Artista da aurrean».

Atseden apur baten beharra duela gogoratu zuen Irujok, baina ezingo du galtza zuriak jantzi gabe denbora luzez egon. Izan ere, 2011. urtearekin batera Binanako Txapelketa ere etorriko da, eta bikote bakoitzak ligaxkan 11 partida jokatu beharko dituela kontuan izanda, Iberokoak ez du samurra izango freskotasunari eusten. Bengoetxea VI.a, ordea, txapelketa hasteko gogotsu dago: «Konfiantza handiarekin nago, eta binakakoan lagunduko dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.