Txikiena, ikusgarriena

Bihar erabakiko da, Valentzian, txapelketako azken proban, 125 cc.-ko txapelduna nor den

unai zubeldia
2007ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Azkarrak, biziak eta gorabehera askokoak izaten dira beti Munduko Motoziklismo Txapelketako 125 cc.-ko probak. Motorik arinenak litro laurdenekoak direlako, parekotasun handia egoten delako eta, onerako eta txarrerako, piloturik gazteenak ere maila horretan aritzen direlako. Berezko ikusgarritasun horri beste ezaugarri bat gehituko zaio bihar Valentzian (Herrialde Katalanak), Chesteko zirkuituan: Munduko Txapelketako azken proban erabakiko da 125 cc.-ko txapelketa.

Gabor Talmacsi edo Hector Faubel. Zirt edo zart. Talde berekoak dira biak, Aprilia etxekoak, eta Talmacsik 10 puntuko aldea dauka sailkapen nagusian. 10 puntu, lau postu. Faubelek Valentziako Sari Nagusia irabaziko balu -atzo berak lortu zuen behin-behineko pole-a-, Talmacsik bigarren edo hirugarren amaitu beharko luke proba, laugarren postua edo okerragoa lortuko balu Faubelentzat izango bailitzateke txapelketa.

Denboraldiko emaitzak aztertuta, Talmacsik 16 probatatik bederatzitan lortu du lehen hiruretan amaitzea, eta zazpi aldiz sailkatu da laugarren postuan edo atzerago. Faubelek, berriz, 16 probatatik lau irabazi ditu -Talmacsik hiru, baina bost aldiz geratu da bigarren-. 125 cc.-ko proba da hiru probetan txikiena, baina, dena airean dagoenez, lasterketa hori izango da ikusgarriena.

250 cc.-ko proban eta MotoGP mailan, Lorenzo eta Stoner txapeldunei ohore egiteko balioko dute biharko lasterketek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.