Alex Txikonek bertan behera utzi du Everst igotzeko asmoa, inguru haietan koronabirusak duen hedapenagatik. Azken bi gauetan bigarren kanpamentua egokitu eta mendi inguru horretako osasun egoera aztertu ondoren hartu dute erabakia, Txikonek berak eta espedizioko kide zituen Sendoa Elejalde argazkilariak eta Iñaki Makazaga kazetariak.
Indiako aldera bizkor zabaltzen ari da Himalaian, eta azken egunetan hainbat mendizale ebakuatu behar izan dituzte; Dhaulagirin ere, egoera zaila da. Tokiko agentziak ahalegin handia egiten ari dira mendizaleei laguntzeko. Txikonek, Elejaldek eta Makazagak eskerrak eman dizkiete, abentura motz honetan ondoan izan dituztenei, eta batez ere oinarrizko kanpamenduan utzi dizuten lagunak ekarri dituzte gogora. "Zorterik onena opa diegu batez ere Kilian Jorneti eta David Goettlerri". Penatuta azaldu dira, eguraldia alde zutelako, eta aukerak ikusten zituztelako espedizioa burutzeko. Baina osasunari eman diote lehentasuna.
Txikonek apiril amaieran aurkeztu zuen espedizioa. Asmoa zen hiru astetan Everesteko gainera iristea. Ohiko bidetik igo nahi zuen, eta oxigenorik gabe. "Agian ez da hainbeste distira duen espedizio bat, baina niretzat erronka bat da, eta ilusio handiz nago", adierazi zuen aurkezpenean. Baikor zen, gainera, pandemiagatik espedizio gutxiago egon eta gauzak errazago izateko. Maiatzaren 25erako zuen asmoa Euskal Herrira itzultzeko.
Lemoako alpinista neguan Manaslu igotzen ahalegin zen, baina, eguraldi txarra tarteko, bertan behera utzi behar izan zuen ahalegina, baimenak iraungi zitzaizkiolako.