Izan ere, harrobi oparoa izatea ez da zaila lehiaketa kirolean aritzen diren bost milioi kirolari izanda. Baina 20 urteren buruan kirolean horrenbeste aurrera egin duten herrialdeak ez dira asko, eta Txinaren kasuan emakumezkoen parte-hartzeak eman dizkio loria eta dominak -Atenasen lortutako dominen erdiak baino gehiago emakumezko kirolariek lortu zituzten-. Beti izan ditu herrialde horrek bere kirolak. Mahai tenisean, gimnastika artistikoan, tranpolin jauzietan, judoan, taekwondoan... aurreko puntan ibili izan dira kirolari txinatarrak betidanik, baina agintariek gehiago nahi dute. Arlo gehiagotan nabarmendu nahi dute, eta horretarako baliabideak jarri dituzte eskura -dirua eta entrenatzaile atzerritarrak, besteak beste-. Atenasen iritsi ziren lehen fruituak, eta Pekinen espero dute uzta oparoa.
Tenisa da Txinak abian jarritako egitasmoaren adibiderik argiena. Nazioartean, hutsaren hurrengoa zen Txinako tenisaren oihartzuna 2003. urtea iritsi zen arte. Urte horretan ireki zizkieten ateak Txinako agintariek etxeko tenislariei. Diru laguntzekin goxatu zituzten eta entrenatzaile onenekin prestatu. Etxetik kanpora hasi ziren lehian. Maila bereko -gehienetan maila hobeko- kontrarioen aurka hasi ziren jokatzen, eta eskarmentua hartzen. Emakumezkoen tenisean topatu zuten zirrikitua, eta barrura egin dute jauzi geroztik.
Horren modu berezian elkartu eta jorratutako lehen bikotea Ting Lik (24 urte) eta Tian Tian Sunek (22 urte) osatu zuten Atenasko Olinpiar Jokoetan. Atera kontuak: 2002. urtearen amaieran 255. zeuden WTA zerrendan. 2003. urtearen amaieran 48., eta Atenasko Jokoetan finala irabazi ostean 28. Irabazi egin baitzuten Ting Lik eta Tian Tian Sunek Atenasen. Irabazi Conchita Martinez eta Virginia Ruano espainiarren kontra, herrialde horretako komunikabide eta zale orojakileek egindako iragarpen guztien kontra, herrialde horretako hainbatek ekialdeko herritarrenganako erakusten duen larderia eta gutxiespenaren kontra.
AUSTRALIAKO IREKIA ETA ROLAND GARROS. Lehenengo abisua izan zen Atenaskoa. Baliabideek eta lanak bat egiten dutenean, ospeak, tradizioak eta ordura arte egindakoek ez dutela zipitzik balio erakutsi zuten tenislari txinatarrek, eta lanean jarraitzeko indarra bildu. Punta-puntako torneoetan aritu dira geroztik, irabazi egin dute batzuetan eta aurrenekoen artean bukatu bestetan. Australiako Irekian jarri zuten joan den urtarrilean beste mugarri bat. Aurretik euren herrikideek sekula lortu gabekoa lortu zuten Yan Zik eta Zheng Jiek: grand slam-eko torneo bat irabaztea. Lisa Raymond estatubatuarra eta Samantha Stosur australiarra hartu zituzten mendean finalean (2-6, 7-6 eta 6-3), eta sekulako loreak jaso bikoteka jokatzeko duten moduarengatik -orduak eta orduak egiten dituzte elkarrekin jokatzen eta entrenatzen-, eta horren denbora gutxian horrenbesterainoko hobekuntza egiteagatik -begiak itxita ere elkarrekin ongi konponduko liratekeela esan zuten Melbourneko pista nagusian jokatzen ikusi zituztenek.
Eta hurrengo mugarria Roland Garrosen jarri nahi dute -hilaren 29an hasiko da, Parisen-. Australian lortutakoak sekulako ikusmina sortu du Txinan, eta sei tenislari ariko dira gutxienez Frantziako hiriburuko lur harrotuan. Horietatik lau WTA zerrendako ehun onenen artean sailkatuta daude jada, eta Txinako tenisak ez du sekula horrelakorik lortu. Atenasen nagusitutakoak, Ting Li eta Tian Tian Sun, elkarrekin ariko dira berriz binakakoan, eta Australian nagusitakoak ere bai, Yan Zi eta Zheng Jie. Buruz burukoan Li Na eta Peng Shuai ariko dira.
«Talde lana, elkartasuna, entrenamendu zientifikoak eta Estatuak gastu guztiak bere gain har ditzan abian jarritako sistema dira arrakastaren oinarriak», adierazi dute Txinako Tenis Federazioko agintariek.
Egia da Roland Garroseko lur harrotua ez dela tenislari txinatarrentzat aproposena -pista azkarretan zaildu dira, batik bat-, eta zaleek azaldutako baikortasunaren aldean zuhur mintzatu dira tenis federazioko kideak. «Nazioarteko lehiaketetan eskarmentua pilatzea eta sailkapenean pixkanaka-pixkanaka gora egitea dira helburuak». Zuhurtziak, ordea, tenislarien sasoiarekin egiten du tupust. Lur harrotuan eskarmentu gutxiago dutela, denbora gehiago behar dutela esan, eta hara non, joan den igandean, bi tenislari txinatarren artean jokatu zen finala Estorilgo lur harrotuko torneoan, Portugalen. Jie Zhengek eta Na Lik jokatu zuten WTAren historian bi tenislari txinatarrek jokatu duten aurreneko finala. Zhengek irabazi zuen, Lik bertan behera utzi zuelako partida, bigarren set-aren ostean, min hartuta. «Torneoa oso ona izan da guretzat. Buruz buru bi txinatar aritu gara, eta binakakoa ere gure herrikideek irabazi dute [Ting Lik eta Sun Tiantianek]», aitortu zuen Zhengek amaieran. 2008a dute jomuga. Baina tartean harrapatutako aukera guztiak baliatuko dituzte aurrera egiteko. Pixkanaka-pixkana ari dira, baina kolpez kolpe.
[email protected]
WTA zerrenda1. A. Mauresmo (FRA) 3437 puntu
2. K. Klijsters (BEL) 3048 p.
3. M. Sharapova (ERRUS) 2678 p.
4. N. Petrova (ERRUS) 2369 p.
5. M. Pierce (FRA) 2344 p.
44. Zheng Jie (TXI) 474 p.
61. Li Na(TXI) 378 p.
75. Peng Shuai(TXI) 336 p.
85. Yan Zi (TXI) 326 p.
95. Yuan Meng (TXI) 298 p.
2003. urtean ireki zituenateak Txinak, tenislariakdiru laguntzekin goxatuzeta onenekin prestatuz
Atenasen eman zuten lehen abisua, Australiako Irekian bigarrena, Estorilen azkena. Roland Garrosen hurrena?
nori begiraYao MingNBAko jokalariaUne honetan Txinak nazioartean duen kirolari ezagunena da NBAko Houston Rockets taldeko pibota. Saskibaloia ere ez da tradizio handia duen kirola Txinan, baina izar bakarraren sorrera nahikoa izan da herrialdean kirol horrenganako grina pizteko. Olinpiar Jokoak baino lehen Munduko Txapelketa dute jomuga, aurten bertan, Japonian. 2,29 metroko pibota min hartuta dago, ordea, eta txinatarrak guztiak asaldatuta daude, hura noiz sendatuko.
Liu XiangAtletaTxinak abian jarritako egitasmoak eman duen kirolaririk eredugarriena da. Atenasko Olinpiar Jokoetan apurtu zituen molde guztiak: ekialdeko korrikalari bat, abiadurako proba batean nagusi. 110 metro hesidunetako finala irabazi zuen Liu Xiangek, eta bere herrialdeko kirolariek datozen Jokoei begira eman dezaketen neurria erakutsi. 22 urte besterik ez du, eta atletismoak Txinan duen izarra da.
'119 proiektua': nola jaso Txinan ohikoak ez diren kiroletako uzta
119 proiektua, izen hori eman diote Txinako agintariek 2008ko Olinpiar Jokoei begira abian jarritako egitasmo garrantzitsuenari. 119 dira nonbait atletismoan, igeriketan eta itsasoan jokatzen diren modalitateetan banatzen diren dominak. Kirol horietan kale egiten dutela ohartu dira txinatarrak, eta konponbidea topatu dutelakoan daude.20.000 kirolariz osatutako selekzioa sortu dute. Nondik irten diren? Txinan zehar banatuta dauden 1.782 eskoletatik, 185.000 gaztez osatutako harrobi oparotik. Pekingoa da adibiderik argiena. Bertako 500 ikastetxeak olinpiar ikastetxe bihurtu ditu Antolakuntza Batzordeak. Hezkuntza fisikoa landu beharko dute, eta olinpiar hezkuntzari buruzko programak garatu.
Atenasko Olinpiar Jokoetarako 7.200 milioi euro gastatu zituen Txinak, eta kopuru hori bikoizteko asmoa du etxean. Inbertsioa sekulakoa izango da, eta atzerriko entrenatzaileak fitxatzen ere egin dute dezenteko gastua. Errusiarrak dira teknikari horietatik asko, eta Txinako kirol agintariek ukatu egin dute azken boladan bolo-bolo dabilen zurrumurrua: Txinak eta Errusiak bat egin nahi dutela AEBak dominen zerrendako gailurretik botatzeko. «Sekula ez dugu buruan izan Errusiarekin elkarlanean aritzea beste inoren kontra», adierazi du behin baino gehiagotan Cui Dalinek, Txinako kiroletako ministroaren laguntzaile eta Pekin 2008ko antolakuntza batzordeko presidenteordeak.
Atenasen aritu ziren 407 kirolarietatik 323 Olinpiar Jokoetan berriak eta 23 urtez azpikoak ziren. Nahiago izan zuten hasiberrien akatsekin sufritu, horrek ordainetan eskarmentua eman zielako. Cui Dalniek berak agindu du, gainera, Atenasen domina irabazteagatik jarritako dirusariak ere bikoiztu egingo dituztela.
Atenasen lortutako saririk garrantzitsuenetakoak, dena dela, kopuru biribila dauka: 0. Alerik ere ez. Hori baita Txinako kirolariei Atenasen egindako dopinaren kontrako kontroletan emandako positibo kopurua. 90eko hamarkadatik bizkar gainean daraman zama arindu zuen horrela Txinak. Hamarkada hartan fitxatu zituzten Alemaniako Errepublika Demokratikotik hainbat teknikari, eta haien laguntzaz (haien legez kanpoko metodoen laguntzaz) egin zuten txinatarrek nabarmen gora. 1994an Erroman (Italia) jokatutako Munduko Igeriketa Txapelketarekin akordatzen dira asko. Sekulakoak egin zituzten Txinako igerilariek, eta AEBen taldea gainditu. Bi urte baino ez ziren falta Atlantako Olinpiar Jokoetarako, eta behin Jokoak hasita kontrolak hasi ziren egiten ezustean, eta Erroman dominak lortutako 24 igerilari txinatarrek eman zuten positibo. Gogor egin dute geroztik Txinako agintariek. Atenaskoa da froga.