Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

«Txirrindularien alde eta inposaketaren aurka», arduraz jokatzeko eskatu dute

ESAITek antolatuta, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko hainbat ekitaldi izango dira bihar eta etzi

Euskal alderdi politikoetako ordezkariak, atzo, ESAITekin batera Bilbon eman zuten prentsaurrekoaren aurretik. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
«Espainiako Vuelta Euskal Herritik igarotzea PSOE eta PP alderdien inposaketa da». Miren Legorburu Ezker Abertzaleko kideak egin zituen atzo hitz horiek, Bilbon, Alternatiba, Aralar eta EA alderdiekin batera sinatutako adierazpenaren ondorenean. «Inposaketari» arduraz eta errespetuz erantzungo diotela gaineratu zuen Legorburuk, baina ez probari «boikot» eginez. «Vuelta gurera iristen denean, arduraz eta errespetuz jardungo dugu. Alegia, txirrindularitzaren eta kirolarien alde, eta inposaketaren aurka, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatuz».

Hamazazpi urte igaro ondoren, Espainiako Vuelta euskal errepideetatik igaroko da bihar eta etzi. Ez hori bakarrik, biharko etapa, hemeretzigarrena, Nojan (Kantabria) hasi eta Bilbon bukatuko da. Etzi, berriz, hogeigarren etapan, txirrindulariak Bizkaiko hiriburutik abiatuko dira, eta Gasteizen izango dute helmuga. Sinatzaileen aburuz, Euskal Herria Espainiaren «zati» dela irudikatzeko estrategiaren ondorioz dakarte Vuelta Euskal Herrira. «Areago, kirola erabiliz, herri hau espainiar bihurtzeko bidean hartutako beste erabaki bat baino ez da», gaineratu zuen Legorburuk. Horregatik, Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzeko beharra ikusi dute euskal herriko hainbat alderdi eta eragilek. Horri jarraiki, Vueltak zeharkatzen dituen herri guztietan udal mozioak aurkeztu dituztela erantsi zuen Legorburuk.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera «inposaketa eta probokazio modura» ulertzen dutela salatu zuten atzo euskal alderdiek. «Kirol ikuspegitik haratago doan erabakia da, erabaki politikoa. Eta egun existitzen ez den normalizazio politiko baten probokazio gisa ikusten dugu», nabarmendu zuten, galdera bat egitearekin batera: «Kirol kontuak politikarekin ez direla nahasi behar esango dute gero. Baina zer da ba eurek lotsarik gabe egiten dutena?».

Era berean, PSOErentzat eta PPrentzat «euskal nortasuna zapaldu eta espainiarra indartzea obsesio» bihurtzen ari dela azaldu zuen ezker abertzaleko kideak. «Jarrera horrek aspalditik datorren estrategia bati erantzuten badio ere, Jaurlaritzako agintea lortu zutenetik indartu egin da». Oraingoan Euskal Herrira Vuelta datorrela adierazi zuen, baina biharkoan beste edozein kirol ekitaldi erabil dezaketela erantsi zuen Legorburuk. Ildo beretik, ESAITeko koordinatzaile Martxel Toledok gaineratu zuen Vuelta Euskal Herrira orain ekartzearen arrazoia zein den «denok» dakigula.

Gainera, euskal txirrindulari zaleentzat kirol ikuspegitik duen interesa ere zalantzan jarri zuen Legorburuk. «Espainiako proba honek euskal zaleentzat ez dauka kirol interes gehiegirik. Horregatik, Vuelta ez da ongietorria izango». Toledo ere iritzi berekoa da: «Euskaldunok beste lasterketa batzuk arreta gehiagorekin jarraitzen ditugu».

«Diru xahuketa handia»

Vueltak euskal lurraldeak zeharkatzea «deitoragarria» dela esan zuen Legorburuk. «Izan ere, Urkiolako Igoera, Bizkaiko Bira eta Euskal Bizikletaren moduko lasterketak desagertuz doaz, PSOEk eta PPk diru asko xahutzen duten bitartean». ESAITeko ordezkariaren hitzetan, Jaurlaritzak «diru kopuru izugarria» xahutu du Vuelta euskal errepideetara ekartzeko. «Horregatik, ostiralean eta larunbatean izango diren mobilizazio aldarrikatzaileetan parte hartzeko deia egiten dizuegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.