TXIRRINDULARITZA. 22:30ean, 39 gradurekin

Juanma Garate.
2010eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Hau da beroa hau! Sevillan gaude jada denok, eta izugarrizko beroa egiten du. Hoteletik kalera irten, eta erregailu batekin aurpegian ematearen parekoa da sentsazioa. Eta berdin dio zer ordutan irten entrenatzera. Goizean, arratsalde-gauean... beti egiten du bero handia. Ezin da jasan. Ikuskizunari begira, gauez jarri zuten lehen eguneko taldekako erlojupekoa, eta bazirudien horrek mesede egingo zigula. Baina baita zera ere! Azken bi egunetan, 22:30ean 39 gradu zeuden hemen. Baina tira...

Goizean entrenamendu txiki bat egingo dugu, bazkaldu, arratsaldean atseden hartu, 19:30 aldera afari-merienda txiki bat egin, eta irteerara joango gara. 23:20an irtengo gara gu, eta uste dut beroketa txiki batekin nahikoa bero egongo garela.

Berezia izango da etapa gauez jokatzea, baina gu ez gaude ohituta, eta bihurguneak desberdin ikusten dira egunez eta gauez. Etapa gauez egiteak, berez, ez dauka arrisku handirik, baina kaleko argiekin errepidea ez da berdin ikusten. Zirkuitu itxi bat da, 13 kilometro besterik ez dira, eta aurretik ikusiko dugu ibilbidea. Arraroa izango da, baina ez dago bihurgune askorik, kaleak zabalak dira eta, gaitzerdi.

Faboritoei dagokienez, eta garaipen zerrenda kontuan hartuta, nire ustez bi txirrindulari daude besteen gainetik: Denis Mentxov eta Carlos Sastre. Bi horiek soilik irabazi dute itzuli handiren bat. Mosquera, Anton, Nibali... bai, horiek hor egongo dira, baina uste dut beste koska falta zaiela. Ez dut uste Vuelta irabazteko gai direnik. Eta niri dagokidanez, etapen borrokan sartzea zen asmoa, baina, hasiera batean, Denisen ondoan egon beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.