TXIRRINDULARITZA. 36 gradurekin fresko-fresko

Juanma Garate.
2010eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Pare bat ordu igaro dira etapa amaitu denetik, eta freskatu nahian jarraitzen dugu oraindik. Izugarria izan da, eta tenperatura hauek eragina izango dute gerora. Ziur. Ingurukoen aurpegiei begiratu eta itzuli handi bateko hirugarren astea zela zirudien. Sufrimendu aurpegiak zeuden tropelean. Atzo 270 bidoi ur zeuzkan prest taldeak, bakoitzarentzat 30. Eta denak amaitu genituen!

Atzera begira jarrita, Vuelta arraro samar hasi genuela esan daiteke. Ez gaude ohituta gauez lehiatzera, eta larunbateko erlojupekoan ez ginen eroso sentitu. Espainia hegoaldean, gainera, errepidea ez da oso garbi egoten, eta irrist egiteko arrisku handia egoten da. Baina, tira, txirrindulariontzat ez, baina ikusleentzat etapa polita izan zela uste dut.

Igandean, berriz, beroa, beroa eta beroa. Horixe izan genuen kostaldera inguratu ginen arte. Bitxikeria gisa, azken jaitsierari ekin aurretik Cancellarak fresko egiten zuela esan zidan. Tenperaturari begiratu, eta 36 gradu zeudela jartzen zuen. 44 gradutan ibili ondoren, noski, freskoago zegoen. Baina, pentsa, 36 gradurekin konformatzen gara jada. Etengabe ariko gara tenperaturari buruz hizketan, baina, benetan, beldurgarria da.

Hirugarren etapan hegan ibili gara gainera. Borroka handia izan da, eta ez dugu atseden hartzeko aukerarik izan. Puerto del Leon azken mendatea ere azkar igo dugu, eta goialdean haizeak ez zuen batere jotzen. Zuhaitzik ere ez zegoen. Azken 500 metroetan eskuin aldera joan naiz, zorabiatzen ari nintzen sentsazioa neukalako. Urik ere ez neukan, eta oso gaizki pasatu dut. Jaitsiera arriskutsu zegoen, olibondoak zeudelako, eta oliba horiek errepidea zikintzen dutelako.

Amaieran, berriz, Denisi [Mentxov] ondo kokatzen lagundu diogu, oso amaiera itoa zelako. Atzetik aurrera egin du igoera, eta nahiko lan ona egin du. Hori bai, Gilbertek erakustaldia eman du. Igor Antoni, hirugarrenari, hamahiru segundo atera dizkio, eta asko da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.