Ezin dut esan azkenean Vuelta hasi denik. Izan ere, Tourrean ez bezala, askoz ere lasaiago ibili gara. Egunak uztailean baino azkarrago pasatu zaizki; beraz, askoz ere hobeto, erlaxatuago. Eta erlaxazio horri esker, askoz ere gehiago gozatu ahal izan nuen atzoko egunaz. Ikusgarria izan zen lehen etapa. A zer-nolako jendetza bildu zen Assenen! Gainera, herbeheretarrek primeran antolatu dute dena. Lepoa jokatuko nuke Vueltak inoiz ez duela hain irteera ikusgarririk eduki. Irteera puntuko harmailan, helmuga aurreko txikanekoan, eta helmugakoan jende mordoa bildu zen. Jende saldoa heldu zen zirkuituraino, baina autoetan eta, noski, bizikletetan ere bai. Zirkuitorantz gentozela, auto-ilada luzeak ikusten ziren, eta zikloturistentzako martxa bat ere egin zuten.
Dena den, Vueltako antolatzaileak herbeheretarrek lasterketari egingo zioten harreraren beldur ziren. Ustez zuten, agian, ez zutela pasioz biziko. Oker zeudela ikusi ahal izan da, eta hurrengo egunetan ere konturatuko dira. Kirol hau maite dutela erakutsiko diete herbeheretarrek.
Baina txirrindularitza bera baino gehiago, bizikletak maite dituzte herbeheretarrek. Hori bai, pasioz bizi dute gure taldeak, Rabobankek, egiten duena. Hartara, Rabobankeko txirrindulari bat ateratzen zen bakoitzean sekulako burrunba aditzen genuen, irteera puntutik urruti samar egonagatik. Zuzendari batekin hitz egiten egon nintzen, eta esan zidan Vueltan beharrean Amstel Gold Racen geundela zirudiela.
Egia esan, Vuelta Kataluniara iristen denean hasiko dela dirudi. Datozen egunak nola edo hala pasatzen eta denborarik ez galtzen ahaleginduko dira asko eta asko. Azkenik, ezin geratu Fabian Cancellararen lana nabarmendu gabe. Chapeau. Espezialista handia da, eta etekina ateratzen dio horri. Bikain.
TXIRRINDULARITZA. Amstel Gold Racen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu