TXIRRINDULARITZA. Arinena eta bizkorrena

Michele Scarponi bigarren aldiz nagusitu da aurtengo Giroan, eguneko ihesaldi marduleko onena izan eta gero

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Sulmonatik atera eta Alto delle Cinque Miglieko gaina gainditu zuten atzo txirrindulariek, Italiako Giroko 18. etapako 22. kilometroan. Gilberto Simonik (Diquigiovanni) aurrera egin zuen, eta tropeleko ordena hautsi. Eguneko ihesaldia ez zen, ordea, aldapa gora sortu, beherantz baizik. Eta 25 txirrindulari sartu ziren horretan; tartean zegon Michele Scarponi (Diquigiovanni) Jesikozapatagilea. Eta Jaroslav Popovitx (Astana); eta David Lopez (Caisse d'Epargne) barakaldarra; eta Gabriele Bosisio (LPR); eta Giovanni Visconti (ISD), besteak beste. 25 guztira. Kantitatea bezala nolabaiteko kalitatea bazuela ihesaldi mardul horrek, alegia. Baina kilometroak egin eta Beneventoko helmuga gero eta gertuago sentitu ahala, irabazteko aukerak aztertzen hasi eta gutxi zituztela pentsatuko zuen 25etako bakoitzak. Scarponik ere bai, baina bera izan zen bizkorrena azken kilometroetan, eta arinena esprintean. Bigarren garaipena du Giro honetan.

Faboritoek, berriz, lasai antzean bete zituzten atzoko etapako 181 kilometroak, eta elkarrekin iritsi ziren. Aurreko egunetako egurraren ostean, merezi zuten nolabaiteko atsedena. Scarponik ere dezenteko egurra hartu zuen astelehenean, Monte Petranora bidean, eta indarrik gabe geratu zen, hustuta bezala, Monte Catria azken aurreko mendatea igotzen.

Baina osatu da, berrindartu, eta seigarren etapan Mayrhoffenen irabazi ondoren, atzo bigarrena. Hartara, aurtengo Corsa Rosan bi etapa irabazi dituztenen multzoan sartu da, LPRko Alessandro Petacchirekin, Danilo Di Lucarekin eta Denis Mentxov (Rabobank) liderrarekin batera.

Ondo landu eta egoki prestatutako lasterketa izan zen Scarponirena. Ihesaldiak alde handia pilatu zuen -sei minutu, 112. kilometroan-, eta hautsi gabe heldu zen azkeneko 10 kilometroetara. Horietan sartuta, baina, Saxo Bankeko Lars Bakek eta Jason McCartneyk lasterketa mugitu zuten, eta aurrean zazpikotea osatu zen.Aipatutako bi txirrindulariek, Felix Cardenasek (Barloworld), Danny Patek (Garmin), Dmitro Grabowskik (ISD), Dries Devenynsek (Quick Step) eta Scarponik berak egin zuten aurrera. Ondo elkar ulertu, erreleboak zintzo eman, eta goranzko joera zuten azken metroetara heldu ziren. Eta horietan bizkorrena bezala arinena Scarponi izan zen. 2002ko Giroan, helmuga berean, Robbie McEwen australiarrak irabazi zuen.



Sailkapenak

HEMEZORTZIGARREN ETAPA

1. M.Scarponi (Diquigiovanni) 4.07.41

2. Felix Cardenas (Barloworld) d.b.

3. Danny Pate (Garmin) d.b.

4. Lars Bak (Team Saxo Bank) d.b.

5. Dmytro Grabowski (ISD) 6ra

6. Dries Devenyns (Quick Step) 20ra

7. Jason McCartney (Saxo Bank) 24ra

8. Giovanni Visconti (ISD) 37ra

9. A. Bertolini (Diquigiovanni) 39ra

10. Gabriele Bosisio (LPR) 42ra

17. David Lopez (Caisse) 1.09ra

27. Denis Mentxov (Rabobank) 3.57ra

80. Iker Camaño (Fuji) 10.18ra

NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 76.40.02

2. Danilo Di Luca (LPR) 26ra

3. Franco Pellizotti (Liquigas) 2.00ra

4. Ivan Basso (Liquigas) 3.28ra

5. Carlos Sastre (Cervelo) 3.30era

6. Levi Leipheimer (Astana) 4.32ra

7. Michael Rogers (Columbia) 7.05era

8. S. Garzelli ( Acqua&Sapone) 8.04ra

9. Tadej Valjavec (Ag2r) 9.58ra

10.Marzio Bruseghin (Lampre) 10.33ra

11. David Arroyo (Caisse) 11.09ra

41. Iker Camaño (Fuji) 1.18.31ra

89. David Lopez (Caisse) 2.27.34ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.