Igor Astarloak Cofidis taldearen baimen idatzia jaso du, eta edozein talderekin harremanetan jarriko da lehenbailehen. Astarloak baldintza hori bete zedin nahi zuen, Cofidisko arduradunek hitzez orain egun batzuk beste talderen batekin hitz egiteko askatasuna eman bazioten ere. Agiriak aurrerantzean sor litezkeen gaizkiulertuak saihestuko ditu, Astarloaren ustez.
Hartu-emanak hasi, hasiko dira, baina ez da zehaztu zein izango den Ermukoaren hurrengo taldea. Itxuraz, astelehenean sinatuko du kontratu berria Astarloak, eta azken egunetako zurrumurruak gogoan, litekeena da Lampre izatea talde hori. Behin betiko baieztapena astelehenean jakingo dugu, halere.
Svoradak Trentinoko azkena; itzulia, Cunegok
Jan Svorada txekiarrak irabazi zuen Trentinoko Giroko azken etapa, esprintean. Juanma Garateren taldekideak Alejandro Borrajo argentinarra (Panaria) eta Gasparre italiarra hartu zituen mendean, nahiko erraz. Sailkapen nagusiari dagokionez, ez zen aldaketarik egon eta Damiano Cunego italiar gaztek poltsikoratu du itzulia. Saeco taldekoak 22 urte ditu eta Italian itxaropen handia dute haren etorkizuneko jardunarekin. Jure Golcer esloveniarra izan da bigarren eta garailearen taldekide Gilberto Simoni hirugarren.
Bestalde, Errioxako Itzulian, Jan Kuyckx belgikarrak (Vlaanderen) irabazi zuen lehen etapa, ihes egin zuen 22ko taldearen esprintean nagusituta. Haizeak tropela txikitu zuen zeharo, eta aurrean sartu zirenek, indartsuenek, ordu laurdeneko errenta lortu zuten. Josep Jufre kataluniarra izan zen bigarren, eta bera da gaur Valdezcarayko etapa irabazteko hautagaia. Euskaltel-Euskadiko Dioni Galparsoro eta Gorka Verdugo aurreko taldean helmugaratu ziren. Portugalgo Cortez Sari Nagusian, azkenik, Carlos Torrent kataluniarra (Paternina) iritsi zen aurrena helmugara. Lidergoa Angel Edo herrikideak du.
TXIRRINDULARITZA. Astarloak Cofidisen baimena jaso du, idatziz, eta etzi sinatuko du kontratu berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu