Esan nizuen taldekideen alde lan egiten zutenentzat jaieguna zela erlojupekoa, baina beste aldea ere aipatu nahiko nizueke, taldeburuena. Guri lan egitea tokatu zaigu, eta ilusio handiarekin ekin diogu egunari, horrelako egunetan denbora asko irabaz edo gal baitaiteke. Behin lanak bukatuta, lau sentimendu egon daitezke. Batetik, sentsazio txarrak edukitzea eta emaitza ere kaskarra izatea. Kasu hori da gogorrena, ezkor egoteko arrazoi asko izaten baita. Egun txar bat besterik ez dela izan pentsatzen saiatzen zara, baina gogorra da egoerari buelta ematea.
Sentsazio txarrak izanagatik, emaitza ona lortzea izaten da bigarren aukera. Oso zaila izaten da hori, sentsazio txarrak dauzkanak emaitza txarra lortzen baitu normalean, baina gertatzen denean, poz handia izaten da. Egun ona izan eta emaitza ere halakoxea izatea da hirugarren aukera; gainerako txirrindulariei aldea ateratzea. Lana ondo egin den seinale izaten da, eta pozteko modukoa izaten da, noski. Eta sentsazio onak izan bai, baina emaitza hain ona ez izatea da laugarren aukera. Multzo horretan sartuko nuke neure burua. Sentsazio onak eduki, eta helmugara ustez eguna ona izan delakoan iritsi arren, berehala nabaritzen da emaitza ez dela hain ona izan. Kazetariak ez dira hurbiltzen, eta seinale txarra da hori. Baina, tira, eguna ahaztu, eta aurrera begira jarriko naiz. Azken batean, ez da galera handiegia izan.
Eta, behin etapa amaituta, anekdota txiki bat ere izan dut. Erlojupekoa amaitu, bizikletan pixka bat ibili, eta dutxatu ostean, autobusean hotelera gindoazela, bat-batean azukre falta nabaritu dut gorputzean. Hotzez dar-darka hasi naiz, eta zorabiatu ere egin naiz. Ingurukoak izerditan blai ikusten nituen, 25 gradu baitzeuden autobusean. Gorputza ez neukan bere onean. Taldekideak ere azkar ohartu dira arropak jantzi eta jantzi ari nintzela.
Goserik gabe nengoen, baina saiatu naiz zerbait jaten. Pare bat banana eta zerealak jan eta orduantxe berrindartu naiz. Eskerrak erlojupekoan ez dudan horrelako txakalaldirik izan! Oso gutxitan gertatzen dira hain txakalaldi handiak, baina horrek adierazten du askok uste baino gogorragoak direla erlojupekoak. Ez dugu asko gosaltzen, bizikleta orduak ere gehiegi ez direlako. Goizean entrenatu ostean, gehiegi ere ez da bazkaltzen, erlojupekoan sabela nahiko hutsik edukitzeko. Eta behin erlojupekoa amaituta ere kosta egiten da jatea. Oso sentsazio berezia izan da, benetan, baina horrelakoetan, zorionez, janez ekartzen da gorputza bere onera.
TXIRRINDULARITZA. Azukrea falta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu