TXIRRINDULARITZA. Bera da monumentua

Philippe Gilbertek irabazi du Vueltako hirugarren etapa, Malagan, amaiera gogorrean, eta belgikarra bera jarri da lider

unai zubeldia
2010eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
XIV. mendean Granadako Yusuf I.ak eraikitako gotorlekua da Gibralfaro gaztelua. Fernando Katolikoaren egoitza izan zen 1487ko jazarpenaren ostean. Monumentu historikoa da, Malagari begira dagoen eraikin ikusgarria. Ikusmira ederra dago bertatik begira jarrita, baina atzo monumentua bera jarri zen ingurura begira. Hirigunetik muinora bidean, azken bi kilometro itorekin, Gibralfaro gazteluan amaitu zen Espainiako Vueltako hirugarren etapa, eta monumentua bera dela erakutsi zuen, beste behin ere, Philippe Gilbert belgikarrak. Tropela urrutitik txikituta, gurpiletik atera zituen Joaquim Rodriguez (Katuxa), Vincenzo Nibali (Liquigas), Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) eta gainerakoak. Etapa eta liderraren maillota. Monumentu baten erdian beste monumentu bat.

Gilbertentzat propio sortutakoa zirudien atzoko etapa amaierak, eta berak ere ondoren onartu zuen etapa gorriz markatuta zeukala. Muino txikiren bat edo beste, ezer gutxi gehiago edukitzen dute, normalean, itzuli handietako lehen asteko etapek. Baina Vueltak ikusgarritasunaren alde egin du aurten. Horren erakusgarri, atzoko etapa.

Itzuli handietan garesti egoten dira etapa garaipenak, eta hasiera-hasieratik sortu zen sua tropelean -Mark Cavendish (Columbia) atzo arteko liderrak gorriak ikusi zituen lehen kilometro aldapatsuetan-. Azkar hasi zen mugitzen Serafin Martinez galiziarra (Xacobeo Galicia), ondoren protagonista izango zen txirrindularia. Baina bost-sei ihesaldi saio izan ziren aurretik. Mikel Nieve batean, Amets Txurruka bestean, Juanjo Oroz gero, Egoi Martinez azkenik... Lehen kilometro horietan adi ibili zen Euskaltel-Euskadi taldea, eta Egoi Martinez sartu zen, azkenean, eguneko ihesaldian -Txente Garcia (Caisse d'Epargne) ere sartu zen ihesaldietako batean-.

36. kilometroan hasi zen gorpuzten ihesaldia. Egoi Martinez, Javier Ramirez (Andalucia-Cajasur), Biel Kadri (Ag2r) eta Jelle Vanendertek (Omega Pharma-Lotto) jo zuten erasoa lehenik, eta Niki Terpstrak (Milram), Mikael Cherelek (Francaise des Jeux) eta Serafin Martinezek eurekin bat egin zuten gero. Bederatzi minututik gorako aldea ere izan zuten, baina tropelak etapa amaiera zeukan buruan. Columbia lehenengo, Saxo Bank gero, Liquigas, Katuxa eta Caisse d'Epargne atzetik... Aldea murriztuz, eta aurrekoen itxaropena lausotuz.

Puerto del Leon lehen mailakoa falta zen artean, eta lehen maldetan bakarrean saiatzea erabaki zuen Serafin Martinezek. Saio polita izan zen, David Moncoutie (Cofidis) atzetik indarrean iritsita ere, ez zelako gai izan galiziarra harrapatzeko. Baina helmugarako kilometro bat falta zela harrapatu zuen tropelak. Ordurako tropeleko monumentuari begira jarrita zegoen Malagako monumentua. Gilbertengandik hamahiru segundora iritsi zen Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), kokapen lan ona egin ondoren. 14.27 minutu galdu zuen Andy Schleckek (Saxo Bank), eta 14.30 Christian Vandeveldek (Garmin).

Beñat Intxausti, Movistarrera

Korapiloa askatzea falta zen, eta Beñat Intxaustik berak atzo jakinarazi zuen Movistar taldean ariko dela hurrengo hiru denboraldietan. Kirol arloan oso egun txarra izan zuen atzo muxikarrak, Gilbertengandik 19.05 minutura iritsi baitzen helmugara.



Sailkapenak

HIRUGARREN ETAPA

1. Philippe Gilbert (Omega) 4.06.12

2. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 3ra

3. Igor Anton (Euskaltel) 13ra

4. Vincenzo Nibali (Liquigas) 15era

5. Grega Bole (Lampre) d.b.

6. Nicholas Roche (Ag2r) d.b.

7. Denis Mentxov (Rabobank) 18ra

8. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 19ra

17. Mikel Nieve (Euskaltel) 23ra

42. David Lopez (Caisse) 44ra

NAGUSIA

1. Philippe Gilbert (Omega) 8.55.56

2. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 14ra

3. Kastantsin Sivtsov (Columbia) 22ra

4. Tejay Van Garderen (Columbia) 26ra

5. Vincenzo Nibali (Liquigas) 28ra

6. Peter Velits (Columbia) d.b.

7. Igor Anton (Euskaltel) 35era

8. Xavier Tondo (Cervelo) d.b.

39. David Lopez (Caisse) 1.12ra

50. Mikel Nieve (Euskaltel) 1.43ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.