Txirrindularitza, berrikuntza bila

Aurreko urteetan ez bezala, taldekako erlojupekoa jokatuko da datorren igandean, Munduko Txapelketan

unai zubeldia
Donostia
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gorka Verdugo, Mikel Astarloza, Juanjo Oroz, Romain Sicard, Gorka Izagirre eta Ion Izagirre. Seiko horrekin ariko da lehian Euskaltel-Euskadi datorren igandean, Limburgon (Herbehereak), Munduko Txapelketako taldekako proban (13:30) —11:00etan jokatuko da emakumezkoena—. Berria da taldekako lehiaketa hori, eta, beraz, ez dago erreferentziarik. Hori bai, denboraldi guztiko emaitzak kontuan hartuta, pentsatzekoa da onenengandik urruti samar ibiliko dela Euskaltel-Euskadiko seikoa.

Espainiako Vuelta egin berritan iritsiko dira Verdugo, Astarloza, Oroz eta Sicard. Gorka Izagirre Kanadan lehiatu zen joan den asteburuan, eta Ion anaiak denboraldi honetan erakutsi du bakarkako lanean daukan gaitasuna, Asturiasko Itzuliko erlojupekoa irabazi zuelako. Sittard eta Valkenburg artean, 53,2 kilometrokoa da ibilbidea, gogorra, Caubergeko igoera zaila daukatelako tartean; 1,2 kilometroko igoera da, %5,8ko batez bestekoa daukana. Caubergeko igoeraz gain, Lange Raarbergekoa (1,3 km, %4,5) eta Bergsewegekoa (2,7 km, %3,3) ere badaude ibilbidean.

Azken erreferentzia kontuan hartuta, Espainiako Vueltako lehen etapakoa, alegia, Euskaltel-Euskadik bederatzigarren denborarik onena egin zuen Iruñean, Movistarretik 28 segundora. Omega Pharma-Quick Step, Rabobank eta BMC hamar segundora geratu ziren, eta Sky eta Lotto hamabira. Euskaltel-Euskadiko seikoaz gain, beste lau euskal txirrindulari ere badaude iganderako izena emandakoen artean: Jonathan Castroviejo (Movistar), Haimar Zubeldia (RadioShack), Javier Aramendia (Caja Rural) eta Egoitz Garcia (Cofidis). Zortzi txirrindulariko taldeak aurkeztu dituzte, oraingoz, talde horiek, eta zortzi horietatik sei ariko dira lehian igandeko proban.

Simon nagusi Wallonian

Munduko Txapelketaren atarian, Walloniako Tourra jokatu zen atzo, eta Julien Simon (Saur Sojasun) izan zen indartsuena, Greg Van Avermaet (BMC) eta Bjorn Leukemansen (Vacansoleil) aurretik. Britainia Handiko Tourrean, berriz, Mark Cavendish (Sky) nagusitu zen atzo ere, eta helmugako gainsariei esker lider jarri zen.

Irailean sartuta, txirrindularitza denboraldia amaitzen ari da pixkanaka, baina World Tour ligak oraindik badauzka pare bat lasterketa gordeta, Lombardia (irailaren 29an) eta Pekingo Tourra (urriaren 10etik 14ra). Italiako lasterketari dagokionez, Bergamo eta Lecco artean 251 kilometro izango ditu ibilbideak, eta berrikuntza handi bat ere bai tartean: Sormanoko igoera. Orain 50 urte igo zuten azkenekoz aldapa hori, eta bertan behera utzi zuten gero, gogorregia zelako. Aurten berreskuratuko dute. 165. kilometroan igoko dute. 1,9 kilometro besterik ez dauzka igoerak, baina %15,8koa da batez bestekoa, eta %25-27ko zatiak ere badauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.