TXIRRINDULARITZA. Bihurria

Bihar hasiko da Euskal Herriko Itzulia, Zierbenan, eta larunbatean amaituko da, Orion, 22 kilometroko erlojupekoarekin

unai zubeldia
Donostia
2010eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Arrateko igoera, Aiako pareta, Orioko amaiera gaiztoa eta azken eguneko 22 kilometroko erlojupekoa. Begiratu batean, horixe dago 2010eko Euskal Herriko Itzuliaren menuan, baina ikusten ez diren koska bihurri asko daude tartean. Gogor-gogorra izan gabe, tentea da Las Calizas mendatea, eta gainetik helmugara jaitsi beste lanik ez dute izango txirrindulariek lehen etapan; bigarren etapan, Vianan (Nafarroa), azken 700 metroetan tentetu egiten da errepidea, eta faboritoren bat saia daiteke lasterketa lehertzen; Amurrioko (Araba) etapa amaiera ere bihurria da, errepideak gorantz egiten baitu... Bai, Arratek bereizi beharko lituzke onak eta on-onak, Aiak eman beharko luke faboritoren bat, eta erlojupekoak jarri beharko luke bakoitza bere lekuan. Baina aldapa txiki askoren batuketa da 2010eko Euskal Herriko Itzulia, bihurrikeriatarako aproposa. Alberto Contador azken bi urteetako irabazlea, gainera, ez da izango Zierbenako irteeran, eta horrek asko orekatuko du faboritoen arteko borroka.

Samuel Sanchez eta Alejandro Valverde ageri dira faboritoen goiko muturrean. Euskaltel-Euskadi eta Caisse d'Epargne. 2007an eta iaz hirugarren sailkatu zen Sanchez, eta hiru etapa dauzka irabazita. Valverdek, berriz, bost etapa dauzka irabazita, nahiz eta inoiz ez den igo podiumera. Bi talde horiek hartu beharko lukete lasterketaren ardura, baina faboritoen multzoan sartu beharrekoak dira, baita ere, Joaquim Rodriguez (Katuxa), Damiano Cunego (Lampre), Frank eta Andy Schleck anaiak (Saxo Bank) eta Andreas Kloeden (Astana).

Etapa motza, urduria eta arriskutsua da Zierbenakoa. 152 kilometro, bost mendate, eta tartean Putxeta aldapa motz baina gogorra (%27ko pendiza gogor-gogor bat dauka), eta Las Calizas arriskutsua (estua da igoera), helmugara iristeko hemezortzi kilometro pasatxo faltako direnean. Hortik Zierbenarainoko kilometro gehienak maldan behera egingo dituzte, Portugalete eta Santurtzitik barrena. Taldeburuentzat ezinbestekoa izango da taldekideen babesa.

Itzuliko etaparik motzenetik luzeenera igaroko da tropela bigarren etapan. 217 kilometro, eta amaieran, Viana inguruan, haizelekua. Urduña lehen mailako mendatea igo beharko dute 72. kilometroan (zortzi kilometro, %7,5eko batez bestekoarekin), baina helmugatik urrutiegi dago erabakigarria izateko. Azken 60 kilometroetan hiru mendate igo beharko dituzte, eta Vianan azken 700 metroak nahiko tenteak dira. Eguraldiaren arabera aldatu egingo da bigarren etaparen garrantzia. Talderen batek triskantza eragiteko balia ditzake azken kilometro haizetsu horiek.

Itxura batean, aparteko bihurrikeriarik gabekoak dira hirugarren etapako lehen 160 kilometroak, baina amaiera koska txikiz beteta dago, berriz ere. Mendeika hirugarren mailako aldapa estua igo beharko dute 171. kilometroan, eta bertatik hamasei kilometro eskas izango dituzte helmugaraino. Amaieran, gainera, Arrateko etaparen bezperan, kolpetxo bat emateko aukera ona izango du faboritoren batek, gorako joera baitute azken metroek.

Eta indarrak ahitu antzean daudenean iritsiko da klasikoetako bat, Arrate. Sei mendate igo beharko dituzte Uzartzako azken malda tenteei heldu aurretik, eta talderen batek asko gogortu dezake lasterketa. 60. kilometroan igoko dute Kanpazar, bigarren mailako mendatea (5,6 kilometro, %4,4ko batez bestekoarekin), eta hortik aurrera ez dago kilometro askorik ordekan. Karabieta, Miota, Areitio, Ixua gogorra (8,7 kilometro, %5eko batez bestekoarekin eta %8,5eko aldapa tenteekin), Urkaregi eta Uzartza. Lehen metroetan dago pendizarik gogorrena, %12koa, baina laugarren kilometrotik aurrera asko samurtzen da igoera. Bi kilometro pasatxo geratuko dira gainetik Arrateko santutegiraino. Laugarren etapa horretan jada alde txikiren bat sortuko da faboritoen artean.

Aiako igoera gogorra berriz ere

Orion amaituko den etapan, Aiak ikusgarritasuna emango dio itzuliari. Bi aldiz igoko dute Aia, Ubegun industrialdetik gora lehenengo, eta Illarramendi bidegurutzetik gero. Bigarren igoera hori izango da erabakigarria. Errepidea zabaldu egin dute, baina bere horretan jarraitzen dute %28ko batez besteko pendizek. Hamahiru kilometro daude Aiako gainetik Orioko helmugara, eta tartean, San Martin ermitara bidean, beste aldapa gogor bat igo beharko dute txirrindulariek. Bihurrikeriaren bat egin nahi duenak hortxe edukiko du aukera paregabea.

Azken galbahea 22 kilometroko azken erlojupekoak egingo du. Gogorra da erlojupekoa, itoa. Hastearekin batera igoko dute Aia, baina hortik helmugaraino beste hamabost kilometro daude, eta tartean San Martingo aldapa gogorra. Segundo asko irabaz edo gal daitezke hor. Ezinbestekoa izango da gurpilekin, bizikletarekin eta garapenekin asmatzea.

Ibilbidearen bihurgune bakoitza aztertuta, beraz, argi dago Arrateko igoera, Aiako pareta, Orioko amaiera gaiztoa eta azken eguneko 22 kilometroko erlojupekoa baino zerbait gehiago dela aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Erabat gaiztoa izan gabe ere, bihurria da. Eta bihurri itxurako txirrindulari asko egongo dira irteeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.