TXIRRINDULARITZA. Bozic dago oso-oso pozik

Vacansoleil talde apaleko esloveniarrak ezustekoa eman du esprintean, eta faboritoei nagusitu zaie Xativan

Igor Susaeta.
2009ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Jugoslavia ohiko herrialdeetatik apenas ateratzen den txirrindularirik. Tantaka gehienez; tartean behin bakanen bat. Baina bakan horiek Eslovenian loratzen dira. Kroaziako, Serbiako edo Mazedoniako txirrindulari bakar bat ere ez da nabarmendu; ez behintzat, azken urteotan. Esloveniakoek, ordea, dezenteko protagonismoa bereganatu dute. Simon Spilak gaztea, adibidez, Lampren dabil, eta Italiako taldean gorako jauzia egin zuen, aldi berean, Ag2rko Tadej Valjavecek. Bitan sailkatu da Giroan aurreneko hamarren artean, eta iazko Tourra, hain zuzen, hamargarren bukatu zuen. Borut Bozic 29 urteko esprinterra, berriz, talde apalago batean dabil, Vacansoleilen, eta ez da hain ezaguna. Baina bere herrikideek baino garaipen gehiago dauzka. Azkena, atzo, Vueltako seigarren etapan, Xativan. Beraz, Bozic oso-oso pozik dago.

Oso-oso pozik, txirrindularitza maite duelako. Ziklista izatea bizitzari aurre egiteko edo bizitzeko modu bat dela dio. Ilusio hori nabari zitzaion, hain zuzen, atzoko etapan eman zituen azken pedal kolpeetan. Sprinta jokatu behar zen, beste bat, eta han zeuden Tyler Farrar (Garmin), Daniele Bennati (Liquigas), Tom Boonen (Quick Step) eta Andre Greipel (Columbia) liderra, taldekidez babestuta. Bozicek jo zuen aurrena, ordea, helmugarako 200 bat metro falta zirenean. Atzera begiratu gabe. Fede handiarekin. Vueltan orain arte jokatutako esprintetan lehian ibili da, baina atzo jo zuen goia, ederki nagusituta. Denboraldi honetako bosgarren garaipena da Bozicentzat.

Esprint hori saihesten saiatu ziren eguneko iheslariak: Jose Antonio Lopez Gil (Andalucia), Matheus Pron (Rabobank) eta Aitor Perez Arrieta (Contentpolis-AMPO) eta Bingen Fernandez (Cofidis) euskaldunak. 150 bat kilometro egin zituzten ihesean, baina ezin tropelaren tiraniari aurre egin. Gaur 30 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute.



Sailkapenak

SEIGARREN ETAPA

1. Borut Bozic (Vacansoleil) 4.40.50

2. Tyler Farrar (Garmin) d.b.

3. Daniele Bennati (Liquigas) d.b.

4. Davide Vigano (Fuji) d.b.

5. Tom Boonen (Quick Step) d.b.

17. Haimar Zubeldia (Astana) 6ra

20. David Herrero (Xacobeo) d.b.

27. Iñaki Isasi (Euskaltel) 9ra

28. Egoi Martinez ( Euskaltel) d.b.

35. Igor Anton (Euskaltel) d.b.

NAGUSIA

1. Andre Greipel (Columbia) 24.21.13

2. Tom Boonen (Quick Step) 6ra

3. Daniele Bennati (Liquigas) 9ra

4. Tyler Farrar (Garmin) d.b.

5. Fabian Cancellara (Saxo Bank) 18ra

12. David Herrero (Xacobeo) 37ra

15. Imanol Erbiti (Caisse) 39ra

23. Haimar Zubeldia (Astana) 43ra

37. Arkaitz Duran (Fuji) 50era

55. Iñaki Isasi (Euskaltel) 1.02ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.