Mapari begiratu eta erraza ematen du Euskal Herrian nolabaiteko zirkuitua osatzeak. «Baina lan asko dago atzean». Etapa bakoitza non hasi eta non amaitu zehazteko udalekin hartzen dute konpromisoa. Bilera horiek ez dira egiten itzulia hasi baino bost edo sei hilabete lehenago. «Askotan bizpahiru urte lehenago hasten da dena lotzen». Etapa hasierak eta amaierak lotu ondoren, ibilbidea zehaztu eta paperera pasatzen da dena. «Gero neurtu egin beharra dago, noski. Kilometroak eta altimetria zehaztu behar dira, eta datu guztiak grafiko batera pasatzen dira». Badago GPS on-on bat etapen perfilak zehazteko. «Baina hain zehatza da, aldaparik txikiena ere azaldu egiten da bertan, eta ezinezkoa da perfil horiek erakustea. Zerra itxurakoa litzateke dena».
Normalean mendateek zehazten dute itzuli baten gogortasuna. «Baina Euskal Herrian ez dago mendate gogorrik», bota du azkar. «Erdi mailakoak bakarrik daude. Luzeenak zortzi bat kilometro dauzka, eta Aubisque, Peyresourde, Tourmalet... horiek 22-30 kilometrokoak dira». Ondoan daukan maletatxoa ireki eta irribarre txiki bat egin du Arrietak. «Uhartetik San Migelera igo nahiko nuke urteren batean. Hor bai, hor aldapa ederra dago. Hori da Euskal Herrian daukagun aldaparik gogorrena. Euskal Mortirolo deitzen diote».
Zuzendari teknikoaren ideia on bakoitzaren atzean mila traba daude, ordea. «Nafarroako Gobernuak asko begiratzen dio Euskal Herriko Itzulia izenari». Zementua dago Uhartetik San Migelera bidean. «Eta dena asfaltatu beharko litzateke». Eskuartean dauka Gipasa enpresaren aurrekontua, udaleko ordezkariekin ere hitz eginda dago, eta buruan dauka egin beharreko metro bakoitza. «Uhartetik San Migelera igo, Lekunberrira jaitsi, Madotz igo, berriz Uhartera joan, eta etapa San Migelen amaitu. Gauza gogorrak egiteko aukera badago». Miguel Indurain eta Abraham Olano, besteak beste, aldapa horretan serieak egiten aritzen zirela argitu du Arrietak.
Itzulia Nafarroan sartzen bada, Madrilera bidali behar izaten dira izapideak. Eta beharrezko urratsak egiten ez badira, Guardia Zibilaren esku geratzen da lasterketaren segurtasuna Nafarroan. «Izapideak iritsiz gero, berriz, foru poliziak sartzen dira». Ibilbidearen araberakoa da dena, ordea. «Hirugarren etapan, adibidez, Viana eta Amurrio artekoan, Nafarroa, Araba, Nafarroa, Araba... horrela ibiliko gara, eta kasu horretan akordioa lortzen da denen artean». Hori dena, noski, aurretik lotuta egoten da. «Etapa bakoitzaren ibilbidea bidaltzen zaie lehenengo, zein zailtasun egon daitezkeen aztertzeko, eta udaltzainekin eta udalekin ere hitz egiten da, ordu bakoitzean nondik igaroko garen azaltzeko».
500 seinale jarri eta kendu
Xehetasun bakar batek ere ez dio ihes egiten Arrietari. «Dena lotuta dago: epaileak, anbulantziak, podiumeko sari banaketak, podium ibiltaria, tribuna, helmugako azpiegitura, kazetarientzako kabinak, ETBren zortzi unitate ibiltariak...». Eta, horrez gain, 24 pertsona aritzen dira egunero seinaleak jartzen eta kentzen. «500-550 seinale jarri behar izaten dira egunero, eta gauerako kendu behar izaten dira denak». Taldeka lan egiten dute. «Eta mendateetarako bost auto izaten ditugu. Horiek lasterketa igarotzen ez den errepideetatik ibiltzen dira».
Baina txirrindulariak dira Itzuliko izarrak, eta horiek ondo zaindu beharra daude. «Hotelak hitzartuta daude orain dela bost hilabetetik». Gaurtik hoteletan egongo dira asko. «Azken hiru etapak gertu amaituko dira, Eibar eta Orio artean, 64 kilometroko tartean. Beraz, leku berean egongo dira talde asko». Hiru talde, adibidez, Orioko Aisia Balea hotelean egongo dira hiru egunez.
Euskal Herriko mapa mugikorra da Arrieta. Urtero itzuli erakargarria osatzea da haren lana, eta ia beti lortzen du. Aurtengoa ere ikusgarria izango dela dio, eta faboritoen izenak ere bota ditu: «Samuel Sanchez, Valverde, Schleck anaiak, Cunego... Baina lider horiek talde ona beharko dute ondoan». Dakienaren esana da.
Zumarragan hasiko da 2011ko Euskal Herriko Itzulia, eta Zallan amaituko da
Datorren urteko Euskal Herriko Itzulia ia erabat lotuta dago. «Zumarragan hasiko da, eta lehen etapak 150-155 kilometro izango ditu. Deskarga, Azkarate, Gorla... mendate horiek igaroko ditugu». Aurten Amurrion amaituko da hirugarren etapa, eta Murgian hasiko da laugarrena. «Eta 2011n Murgian amaituko da etapa, eta Amurrion hasiko da hurrengoa». Laugarrena Arraten amaituko da. «Eta oso ezaguna den beste herri batean amaituko da bosgarrena, Zallan». Azken erlojupekoa 24 kilometrokoa izango da. «Bezi, Balmaseda... eta Herreran aldapatxo bat».Nafarroako etapa geratzen da, beraz, lotzeko, bigarren etapa. «Krisiak eragina izan du». Baina nahiko aurreratuta dago dena. «Lekunberrin amaitu nahiko genuke etapa, eta hurrengo egunean Uhartetik, Etxarritik edo Altsasutik irten». Arabako etapen egitura bera erabiliko dute Nafarroan. «2012an Uharte, Etxarri edo Altsasun amaituko da etapa, eta Lekunberrin hasiko da hurrengo egunekoa. Diru aldetik jasangarriagoa da hori».