TXIRRINDULARITZA. DONOSTIAKO KLASIKOA. Pirinioak, Alpeak eta Jaizkibel

Tourra amaitu eta astebetera jokatuko da gaur Donostiako Klasikoa; Tourreko lehen hamar sailkatuetatik zazpi bertan izango dira

UNAI ZUBELDIA DONOSTIA
2008ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Frantziako Pau herrian eduki zuten txirrindulariek Tourreko lehen atseden eguna, Pirinioetako hiru etapen erdi-erdian; Cuneo Italiako herri dotorean bigarrena, Alpeen eta hirugarren astearen atarian; eta aste osoko atseden egunaren ostean, Tourreko txirrindulariek gaur ekingo diote laugarren asteari. Tourraren osteko lehen proba garrantzitsua izango da gaurko Donostiako Klasikoa, eta horrek are indar handiagoa emango dio lasterketari. Astebetean nabarmen egin dezake gora edo behera txirrindulariaren sasoiak, baina, izenei begiratuta, behintzat, oso maila altua izango du aurtengo probak.

239 kilometro egingo dituzte Donostian hasi, Gipuzkoan barrena ibili eta Donostiara itzuli bitartean. Eta tartean ohiko zailtasunak izango dituzte: Orioko gaina, Garate, Azkarate, Udana, Jaizkibel... Baina aurten bada muino berri bat: Arkaleko igoera, bigarren mailako igoera. Gurutze igo dute azken urteotan, baina aurten igoera luzexeagoa izango dute. Aldapa laburra da, baina 16 kilometro faltako dira gainetik Bulebarreko helmugara, eta, taldetxo bat iritsiz gero, azken erasoa jotzeko leku aproposa izango da.

Egutegiari bezala, parte-hartzaileen zerrendari begiratuta ere Donostiako Klasikoa Frantziako Tourraren jarraipena izango dela esan daiteke. Carlos Sastre, Cadel Evans, Denis Mentxov, Frank Schleck, Samuel Sanchez, Alejandro Valverde, Tadej Valjavec... Tourreko lehen hamar sailkatuetatik zazpi Donostian izango dira gaur. Baina Tourrean gorputza ondo findu duten txirrindulariak bezain faborito izango dira Olinpiar Jokoei begira pedal kolpe sendoa berreskuratzen ari diren beste txirrindulari handi batzuk: Alberto Contador, Paolo Bettini eta Davide Rebellin hirukoa dabil guztien ahotan. Eta, noski, ezin dira ahaztuta utzi Sebastien Lang, Leonardo Bertagnolli (iazko probako garailea), Roman Kreuziger, Vincenzo Nibali, Vladimir Karpets, Vladimir Efimkin...

Oso maila altua izango du Donostiako Klasikoak, eta, urtero gertatu ohi den moduan, euskal txirrindulariek gainerakoek baino motibazio puntu bat gehiago izango dute. 14 euskal txirrindulari izango dira Alderdi Ederreko irteeran, eta, urrutira joan gabe, Juanma Garatek iazko arantza atera nahiko du. Izan ere, Leonardo Bertagnolli italiarrarekin ihes eginda iritsi zen iaz irundarra, baina esprintean amore eman behar izan zuen. Garaterekin batera, gaur aurrean ibiltzen saiatuko dira Mikel Astarloza, Haimar Zubeldia, Gorka Verdugo, Egoi Martinez, Xabi Zandio, David Herrero...

Datorren ostiralean hasiko dira Pekingo Olinpiar Jokoak, eta selekzio askok lehen azterketa egin nahiko dute gaur Donostian. Taldeka eta selekzioka ez da berdin lehiatzen, baina azken saio polita izango da gaurkoa. Benetako azterketa, ordea, Scott-American Beef taldearentzat izango da. Ricardo Ricco italiarrak positibo eman zuen Tourrean, eta gerora Leonardo Piepoli italiarra ere taldetik kanporatu zuen Saunier Duval-Scottek. Ondorioak oso larriak izan ziren, gainera, Saunier Duvalek taldearen babesle izateari utzi baitzion berehala.

Liskarrak ahazteko asmoa

Scottek txirrindulariengan konfiantza zeukala esan eta taldearen egiturari eustea erabaki zuen, ordea, eta gaurkoa izango da Josean Fernandez Matxin bizkaitarrak zuzentzen duen talde berriaren lehen lasterketa. Juan Jose Cobo, Jose Angel Gomez Marchante eta David de la Fuente izango dira taldeburuak gaur, eta sasoirik onenean izango ez diren arren, taldeari buruzko esamesak apaldu nahiko dituzte.

11:05ean abiatuko dira txirrindulariak Donostiako udaletxe paretik, Alderdi Ederretik, eta Igararaino elkarrekin joan ostean, 11:15ean hasiko da lasterketa. Usurbil, Aginaga eta Orio igarota izango dute lehen zailtasuna, Orioko gaina. Garate igoko dute ondoren, 31. kilometroan, eta Azkarate eta Udana atzetik, Legazpira iritsi aurretik. Ordizia, Tolosa, Andoain eta Astigarraga eta Oiartzundik barrena ibilita, Gaintxurizketa eta Lezo igaro eta orduantxe igoko dute eguneko lehen mailako mendate bakarra, Jaizkibel. Hauspoa ederki berotu ostean, Arkale igoera berriak erabakiko du Jaizkibelek erabakitzen ez duena. 17:15 alderako iritsiko dira lehenengo txirrindulariak Bulebarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.