TXIRRINDULARITZA. Eguna pasatzeko moduak

Juanma Garate.
2009ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Oraindik ere ez dugu Gran Torino osorik ikusi. Horren ordez, Lost telesailaren denboraldi berriaren kapituluak ikusten ari gara, gauero, Oscar [Freire] eta ni. Lotu egiten zaitu, egia da. Interesgarria da, bai, baina ez du aurrera egiten; motela iruditzen zait.

Dena den, gaur ez dizuet telesailez edo Gran Torino-z hitz egingo; erlojupekoeei aurre egiteko moduez baizik. Esaterako, Robert Gesinkentzat edo niretzat egun zeharo ezberdina izango da. Ez da gauza bera erlojupeko bat jokatzea sailkapen nagusiaren lehian zaudenean, edo bestela. Bera bete-betean ariko da, eta ni, berriz, ba, ez da atseden egun bat izango, baina indarrak hartzeko baliatuko dut.

Eguna ezberdin hasiko dugu. Bera 8:00etan edo jaikiko da, eta gosaldu ondoren, ibilbidea ikustera joango da, haizeak nondik jotzen duen jakiteko eta garapenak aukeratzeko, besteak beste. Gainera, pare bat orduko entrenamendua egingo du. Ni, berriz, beranduago jaikiko naiz, eta goizean Corte Ingles-era joango naiz erosketa batzuk egitera. Elkarrekin bazkalduko dugu, baina gero, berak ordubete egingo du arrabolan, serio-serio, dena ondo neurtuz, eta nik, berriz, 40 bat minutu; izerdia botatzeko. Bere inguruan ez da giro izango, eta ni, berriz, txantxetan ere ibiliko naiz.

Arrabolan, musika entzuten dugu. Nik Bruce Springsteenen abesti batzuk entzungo ditut, adibidez. Baina erlojupeko bat bete-betean jokatu behar izan dudanean, ordubeteko iraupena duen diskoteketako abesti bat entzun izan dut: motibatzeko, batez ere. Joan den urteko Girotik ez dut erlojupeko luze samar bat bete-betean jokatu. Eta, egia esan, ez dut horren falta sumatzen. Ondo egon arren, estresagarria zen eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.